Historia Ekonomiko tartea Faktoria Magazinean (Euskadi Irratia)

2019/2020 ikasturtean, hilean birritan, Euskadi Irratiko Faktoria Magazinean Historia Ekonomikoaren azterketak egiten izan nintzen.

Landutako gaiak hurrengoak dira:

  • 2019/09/19. Langile borroken historia
  • 2019/10/03. Zergak Europan.
  • 2019/10/17. Ekonomia Nobel sariak.
  • 2019/10/31. San Frantzisko eta Bilbo Zaharra.
  • 2019/11/14. Alokairuak.
  • 2019/11/28. Ekonomia eta Euskara.
  • 2019/12/12. Pentsio sistema.
  • 2019/12/26. Aurrezki klutxak eta finantza sistema.
  • 2020/01/09. Hogeiko hamarkada zoroak.
  • 2020/01/23. 4 eguneko lan astea
  • 2020/02/06. Nekazaritza sektorea Euskal Herrian.
  • 2020/02/20. Inbertsio funtsak.
  • 2020/03/05. Txina eta merkataritza gerrak.
  • 2020/03/19. Gaixotasunak eta garapena.
  • 2020/04/02. Europar Batasunaren historia.
  • 2020/04/16. Merkataritza txikia.
  • 2020/04/30. Oinarrizko langileak.
  • 2020/05/14. Mundu diru sistema
  • 2020/05/28. Noizko dira lehenengo kaleratzeak.

Saioak hurrengo estekan entzungai daude: https://archive.org/details/FaktoriaHistoria

analisia, irratia, Orotarikoa atalean publikatua | , hitzekin laburtua | Utzi iruzkina

Lan merkatuaren oreka liberala

Argia aldizkariaren 2879 zenbakian argitaratua, 2024ko uztailaren 10an.

Kapitalismoan lana salgai bat da, beraz, ohiko ekonomialarien pentsamoldea jarraituz, eskaintza eta eskariaren arteko orekak bai prezioa, bai kantitatea erregulatu beharko lituzke. Agerikoa denez, hori ez da errealitatean betetzen. Emango balitz, lan harremanak leherraraziko lituzke. Horregatik, ohiko ekonomialariek indar handia jarri dute lan merkatuko berezitasunak azaltzen. Interpretazio horri gehitu behar zaio klase borroka ekuaziotik kanpo uzten duela.

XIX. mende bukaera arte sindikatuak debekatuta zeuden. Atzean logika liberal bat zegoen, elkarte eta sindikatuen existentzia bera ukatzen zuena, merkatu askatasuna apurtzen baitute. Horren adibidea 1791ko Le Chapelier legea izan zen, 1864 arte Frantzian indarrean egon zena; Espainiako Erresuman antzeko zerbait gertatu zen, 1868ko Errege Dekretu batek elkartze eskubidea onartu arte. Gerora, lan zuzenbidea garatuz joan zen, langile eta enpresarien arteko gatazkak kudeagarriagoak bihurtzeko eta erakunde sozialistei indarra kentzeko, besteren artean. Zuzenbide honek in dubio pro operario printzipioa mahaigaineratu zuen: zalantzarik izanez gero, langilearen alde egingo dela. Langile eta enpresarien arteko desberdintasun ekonomikoak eta langileen mendekotasuna aitortzen ziren. Teorian, lan harremanen ideia liberal zorrotza alde batera uzten zuen.

Irakurtzen jarraitu
analisia, Argia, Ekonomia, ikuspuntuak atalean publikatua | hitzekin laburtua | Utzi iruzkina

Giza Kapitalaren Ministerioa

Argia aldizkariaren 2856 alean argitaratua, 2024ko urtarrilaren 24an

Lanerako bidean, irratia entzuten, EAEko enplegu sailburuak talentu falta dagoela aipatu du, langile prestatuak falta direla, lan merkatuaren arazorik larrienetakoa dela. Aipagarria da bertoko enpresa-erakundeek bultzatzen duten ideia bera erabiltzea, hainbat txosten, mahai-inguru eta prentsa oharretan behin eta berriro errepikatutakoa. Lan merkatuaren inguruan, badirudi talentua (eta horren falta) arazo nagusiena dela.

Hala ere, talentu falta hori langileen gehiengoaren errealitatetik urrun dago, egunez eguneko arazoak beste batzuk dira. Adibide moduan, azken astean ezagutu ditudan kasuak hartuko ditut. Lehenengoa, lana eta familia kontziliazioa errazteko neurri baten ingurukoa. Arazo teknikorik gabe telelana posible da. Nahiz eta legediak zehaztu eskubide bat dela, epaitegietara jo behar. Langileak eskatzen zuena enpresak epaitegian onartzen du, baina neurria martxan jartzerako orduan, enpresak moldaketa berri bat egiten du, eta adostutakoa eraldatu. Langileak epaitegietara jo beharko du berriro.

Irakurtzen jarraitu
alternatiba ekonomikoak, analisia, Argia, Ekonomia, ikuspuntuak atalean publikatua | hitzekin laburtua | Utzi iruzkina

Enegarren industria enpresaren itxiera

Argia aldizkariaren 2845 zenbakian argitaratua, 2023ko azaroaren 2an.

Urdulizek XX. mendean industrializazio sakona jasan zuen, eta Euskal Herriko herri askotan gertatu den bezala, herri itxura erabat eraldatu zuen: herri berria eraiki zen, industria gune nagusiaren ondoan, eta baserri herria txiki utzi zen. 1944. urtean Bizkaiko Babcock & Wilcox enpresa handiaren lehiakidea izango zen Mecánica de la Peña S.A. sortu zen.

Enpresa horren ibilbidea industria sektoreko askoren antzekoa izan da: garai fordistako loraldia, hazkundea eta nazioarteko hedapena; 1980ko hamarkadan krisia eta lehenengo ordainketa etendura 1986. urtean. Ordutik aurrera, bazkide berrien bilaketa, Tubacexekin porrot egindako bateratzea eta nazioarteko enpresa bati, Kvaerner-i, saltzea. Bidean, aktibo baliotsuenak ere saldu zituen, hala nola Mecaner automozioko matrizegintza, Fiat-en osagaien dibisioari. 1999. urtean Mecánica de la Peña enpresak beste ordainketen etendura bat egin zuen, eta bere lekuan Fiat enpresaren menpean zegoen Mecanerrek jarraitu zuen lanean, lanpostuak erdira murriztuta. Jabeen fusioak zirela eta, gaur egun arte Stellantis taldearen menpekoa da. Udaren bukaeran, multinazionalak publikoki adierazi du Urdulizko lantegia itxiko duela eta 148 langile kaleratu. Bide luzea, bihurgune anitzekoa, eta oraindik azken orria idatzi barik daukana.

Irakurtzen jarraitu
alternatiba ekonomikoak, analisia, Argia, enpresen berreskurapena atalean publikatua | , hitzekin laburtua | Utzi iruzkina

Planifikazio ekonomikoa, alternatiben ardatz

Argia aldizkarian argitaratua, 2832 alean, 2023ko uztailaren 05an

Alternatiba ekonomikoek ez daukate leku handirik ikasketa ofizialetan. Pairatzen dugun krisi ekosozialean, erdigunean egon beharko lirateke. Ikasketa programetan, epe laburreko errentagarritasuna bermatzen ez duten ikasgaiak bazterreratuak izan dira, hautazkoak bilakatuta edo, okerragoa dena, programatik desagertuta. Horrela gertatu da ekonomian, Pentsamendu Ekonomikoaren Historiarekin, ekonomiaren osotasuna ulertzeko beharrezkoa den gaia. Sarritan, horren inguruan ikasteko, akademiatik kanpo ikastea da bidea, gertatu zitzaidan moduan, ICEAn edo Ekonomia Kritikoa elkarteetan.

Irakurtzen jarraitu
alternatiba ekonomikoak, analisia, Argia, autogestioa, ikuspuntuak atalean publikatua | , hitzekin laburtua | Utzi iruzkina

Bozkatu, baina aditu.

Ricardo Mella Cea anarkistak Solidaridad Obrera aldizkarian, 1909ko abenduaren 25ean, 4. zenbakian argitaratu zuen artikulu hau. Igandean Euskal Herriko txoko honetan hauteskundeak izango direnez, gaur egun gaurkotasuneko artikulua berriro irakurtzea oso gomendagarria da. Hona hemen testua:

Aurreko hauteskundeen bezperan, hauteskunde-mitin bat egiten zen antzoki bateko goialdera begira egoteko ateraldia izan nuen. Ikuskizun berria zen niretzat, non ideia handiko lagun ohiek eta pentsamendu oso mugatuko jende berriak hartzen zuten parte. Burua berotuta atera nintzen handik. Probidentzialismo politikoaren buruko min erregularra jasan behar izan nuen eta, jakina, ondorioak jasan nituen. Txundituta nago. Jendearentzako, ez da denborarik pasaten. Ez dago esperientzia nahikorik begiak irekiarazteko. Ez dago arrazoi nahikorik hauek errutinatik aldentzeko.

Dena probidentziara fidatzen duten fededunek bezala, erradikalek, nahiz eta sozialista deitu, beraien itxaropenak euren alderdiko zinegotzi, diputatu eta ministroengan jartzen jarraitzen dute. «Gure zinegotziek hau eta bestea eta haratagokoa egingo dute». «Gure diputatuek hainbeste eta zenbat eta gehiago konkistatuko dute .» «Gure ministroek dekretatu, sortu eta eraldatuko dute, dekretatu, sortu eta eraldatu beharreko guztia». Horixe da atzoko, gaurko eta biharko irakaskuntza. Eta horrela, herriak, ordu oro dei egiten zaiona, ez duela beste zereginikikasten jarraitzen du, bozkatzea baizik, eta pazientziaz itxarotea dena egina izan dadin. Bozkatu eta itxaron.

Tentazioa izan nuen hitza eskatzeko eta jendea horrela lokartzen duen errutina faltsuari aurre egiteko. Tentazioa izan nuen han zegoen langileari oihu egiteko:

«Bozkatu, bai, bozkatu; baina aditu. Zure lehen betebeharra hemendik irtetea da, eta gero zeure kontura jardutea. Joan eta auzo bakoitzean eskola laiko bat ireki, egunkari bat sortu, liburutegi bat; kultura-zentro bat antolatu, sindikatu bat, langile-zirkulu bat, kooperatiba bat, egiteke dauden gauzak egin. Ikusiko duzu, hori egin duzunean, zinegotziek, diputatuek eta ministroek, zure ordezkariak ez izan arren, zure ideien ordezkariek bezala, ekintza-korronte horri jarraituko dutela eta, haren atzetik, eskatzen eta behar ez dizkiezun legeak aldarrikauko dituztela, horien arabera administratuz, zuk ezer eskatzen ez badiezu ere. Azken batean, zuk zuzenean sortutako giroaren arabera gobernatzen dute, nahiz eta zuri haiek egiten dutena ez zaizun axola. Orain, berriz, besoak gurutzatzen dituzunez eta boto-probidentziaren ereinotzen gainean lo egiten duzunez, zinegotzi, diputatu eta ministroek, oso erradikalak eta sozialistak izanik ere, diskurtso hutsen, lege ergelen eta administrazioaren errutinarekin jarraituko dute. Herri-irakaspenaren aldeko gogoa izango duzu, eta lehen bezain artaburu jarraituko duzu. Askatasunaren alde oihukatuko duzu, eta soldataren argolari lehen bezain lotuta egongo zara. Ekitatea, justizia, elkartasuna eskatuko dituzu, eta dekretuak, legeak, araudiak jasoko dituzu. Baina eskubide duzun horretatik ez duzu ezer jasoko, eta ez duzu gozatzen, ez baitakizu, eta ez zarelako hausartzen.».

«Kultura, askatasuna, berdintasuna, justizia nahi dituzu? Joan eta konkistatu, beste batzuk zuri ematera ez baitira etorriko. Zuk ez duzun indarra, daukazun guztia dena ere, ez dute beste batzuek izango, zeure buruaren zati txiki bat dena. Politikaren mirari hori ez da inoiz gauzatu, ez da inoiz egingo. Zure emantzipazioa zure lana bera izango da, edo ez zara gizaldietan emantzipatuko».

«Eta orain joan, bozkatu eta zure katera errematxatu».

analisia, ikuspuntuak, Orotarikoa atalean publikatua | Utzi iruzkina

Teknologia, lanaren aurka

Argia aldizkarian argitaratua, 2023ko apirilaren 30rean, 2822 alean

Martxoaren amaieran, Bizkaiko kazetari ekonomiko batek ZornotzakoAutomotive Intelligence Centerreri buruz idatzi zuen, ohiko moduan, enpresarien aldeko hautua egiten. Tira, hori ez da aipagarriena: komunikabidearen ildo editoriala da. Azpimarratzekoa dena da, deskribatzen duen lantegi esperimentalean, fabrika malguaren kontzeptua erabiltzen dela. Artikuluak bukaerako mehatxua dakar: lantegi esperimentalak ez du langilerik, ezta sindikaturik ere. Teknologia, langileen aurka.

Azken urtean teknologia eta lanaren arteko harremanaren inguruan sakontzeko aukera izan dut. Ondorioztatu dudana da bi elementu horien arteko harremana erabat konplexua dela, ikuspuntu anitzekoa, zeinean ikuspuntu historikoa nahitaezkoa dena. Teknologiak bizitza erraztuko digula, lan gutxiago egingo dela, edo langileak desagerraraziko dituela, funtsik gabeko profeziak dira. Kazetari ekonomikoak egindako mehatxua ere hauen artean dago.

Gainbegirada labur bat eginez, sistema ekonomiko kapitalista eta langileria agertu zirenetik, kapitala saiatu da langile klasea menperatzen, hezten, beren bizibideak ezabatuz. Langileek horri aurre egin diote. Klase borroka da. Teknologia eta lanaren arteko harremanaren edozein azalpena, hau kontutan izan gabe, alferrikakoa izango da, eskasa. Kapitalak teknologia erabili du langileek ekoizpen prozesuarekiko zuten kontrola eta ezagutza hausteko eta, gatazka honetan, langileak hartutako erresistentzia estrategiak anitzak izan dira. Sarritan aipatzen den kasua ludditena izan da. Hauek teknologia berrien aurkako pertsonen adibide bezala jarri izan dira, makina berrien aurka zeudenak. Ludditek bilatzen zutena, euren lan eta bizi baldintzak mehatxatzen zuen teknologia-sarrera baten aurrean, posizio hobea lortzea zen geratzen zitzaien botere apurra defendatzen. Ez zeuden teknologiaren aurka, gakoa da bazekitela teknologia jakin batzuek nolako eragina zuten euren lanaren gainean. Azken honen aurka erantzuten zuten. Hasieran zerbait sinplea dirudiena, konplexutu egiten da. Laburbilduz, aurrerapen teknologikoen eta klase-borrokaren arteko harremana korapilotsua da, eta ezin da ikuspegi bakar batera mugatu.

Hala ere, faktore batzuk analisiaren esparrutik kanpo utzi ohi dira. Posible izango da aurrerapen teknikoa energia-iturri merke eta eskuragarririk gabe? Zer gertatzen da teknologia horiek sortzeko behar diren materialekin? Eta hemen, kapitalismoaz ari gara, gaur egun ezagutzen duguna, nahiz eta berdez apaindu. Argi dago klima-aldaketa garapen kapitalistaren ondorio bat dela, eta gauzak dauden bezala, esan genezake itzulezina dela. Bestetik, material zehatzen beharrak eta horien urritasunak zalantzan jartzen dute norabide horretan jarrai dezakegula. Garapen teknologikoari salbazio-taula gisa heltzen zaion hazkunde ekonomikoak argitu nahi ez diren mugak ditu. Horregatik, langile eta sindikaturik gabeko lantegiaren kasuan, funtsezkoak diren baldintzak eta mugak isilean gordetzen dira.

Bizi dugun testuinguruan, gakoa ekonomiako hainbat sektore nola birmoldatu jakitea da, ez langile gabe funtzionatuko duten enpresetan pentsatzea. Ez dago konponbide teknokratiko eta teknofilo posiblerik, helburua guztiontzako irtenbide bat lortzea bada. Teknologia lanaren zerbitzura jartzeko garaia da, eta ez kapitalaren zerbitzura. Baina horrek azken deribatura garamatza: kapitalismoa historia liburuetara bidaltzea.

Image
analisia, Argia, Orotarikoa atalean publikatua | Utzi iruzkina

Maiatzaren Lehena Bilbon (2023)

Hurrengo lerroetan Bilboko manifestazioa ostean irakurritako hitzak dituzue

Ez da erraza holako egun batean, hitz egiten hastea. Niri, gutxienez, ez. Nire burura datorkit maiatzaren lehena borroka egun bat dela, eta horrela bizi dut. Nire inguru militantean, holan baita.

Baina, lan egiten dugun lekuetan, sarritan, lankideentzat beste jai egun bat da, besterik gabe.

Sindikalismoan pentsatzen dudanean, hauxe, klase-borrokaren zehaztapen praktikoa da. Aldi berean, proletarioen autoantolaketa-modua, bitartekaritzarik gabekoa.

Lan egiten dugun lekuetan, sarritan, sindikalismoa enpresa-komitea da, besterik gabe. Zerbitzu batzuengatik ordaintzen den kuota, akordioak sinatzen dutenak. Lankide askok, ez dute berezkoa bezala ikusten.

Sexismoa, klima aldaketari aurre egitea, etxebizitza arazoa… sindikatutik ekin dakiokeen arazoak dira. Sindikatuaren oinarria, zentroa, lana da, baina, ardatz horretatik hasiz, beste guztiak heldu daitezke. Sindikatua, lan baldintzak hobetzeko erreminta bat baino gehiago da.

Gure lankide askoren artean, aldiz, sindikatua lan baldintzak hobetzeko bakarrik balio du. Beste arazoetarako, askoren ustez, borroka independenteak egin behar dira.

Aditu batean, badirudi haustura bat dagoela. Gutxiengo kontziente bat, besteen ahuleziak, akatsak erroreak ikusten eta salatzen dituztenak. Eta gehiengo bat, burua nahastuta daukana. Ez duena bere klase interesak defendatzen.

Puntu honetan aurkitzen den bati, gelditzeko esango nioke. Ez dugu abangoardia berririk behar, nahiz eta anarkistaz jantzi. Jarrera hauei aurre egiteko gakoa lanean antolatzea da. Antolakuntza sindikala. Lanean antolatzea zaplazteko ederra da barritsukeri iraultzailea maite dutenentzat; hauek, azkenean, erosoago sentitzen dira beren espazio seguruetan.

Lanean antolatzea egoera eroso batetik irtetzea da. Gure lankideen egoera, jarrerak, erantzunak… ulertzea. Lankideen arteko hainbat gatazka enpresak sortua dela, gure aurka egiten duena.

Gatazka non aurkitzen den, gatazka sustatzeko, lana eta kapitalaren arteko borroka ikusarazteko, baina kasu erreal batean. Gure lankideak gure interesen, langileon interesen alde lerrokatzeko.

Ez da lan erreza bat. Ez da bakarkako lan bat, kolektiboa baizik. Horregatik antolaketa behar dugu. Sail sindikalen bitartez. Ez dugu zertan lagunik izan behar, ziur aski, lan sindikala egin beharko dugu bereziki ondo ez datozkigun lankideekin. Baina horrelakoa da bizitza, horrelakoa da sindikalismoa.

Hau da CNTren eredua, sindikala. Antolaketa lana eskatzen duena. Hasieran aipatu dudan militante eta ohiko langileen arteko arrakala, enpresa estrategien ondorio da. Hauxe ez dugu ahaztu behar. Antolakuntza sindikalaren bitartez gainditu daitekeena.

Zorionez, klase borroka eztabaidaren erdigunera bueltatu da. Bizi kostuaren amaierarik gabeko igoera galera da gure klasearentzat. Honen inguruan langileon gehiengoa gero eta kontzienteagoak gara. Etengabeko krisia bizimodua bilakatzen denean, lanketa sindikal baten bitartez kapitalismoaren mugak erakusten dizkigu. Eta, betiko moduan, irtenbide parlamentarioak erabateko porrota izan du, programa erreformista txikia ezin izan baitute bete ere.

Hor, CNTk beren bide sindikalean sakondu du, izan duen azken kongresuan. Proposamen anarkosindikalista lantokietara eramateko estrategiak hobetuz; gatazkak eta grebak sustatzeko erresistentzia kutxa bat onartuz. Lantokietan ezartzeko. Gure lankideak antolatzeko, sail sindikalen bitartez.

Klase-independentzia frogatzeko unea da. Eta bat datozen krisi-testuinguru horretan, egoerak okerrera egingo du; ekoizpenari buruzko eztabaidari heldu behar diogu: etorkizuneko gizartearentzat beharrezkoa den guztia nork ekoizten jarraituko duen planteatu.

Erronka handi horri heltzeko, antolaketa; klase-antolaketa,; sindikatu-antolaketa behar dugu. Sail sindikalak antolatzea, lanean bizirauteko, baina baita ere ofentsibara pasatzeko: gure etorkizuna gu geuk erabakitzeko, langile klaseak beren etorkizuna erabakitzeko.

Hondakina bakarrik jasoko dugulako. Mundu berri bat eraiki behar dugu, lagunak. Eta hori, bihar bertan hasten da. Antolakuntza sindikalaren bitartez.

analisia, ikuspuntuak, sindikalismoa atalean publikatua | Utzi iruzkina