Begirune

Begirunea da pertsona bat bere duintasunean aintzat hartzea. Halakoetan, giza eskubideen errespetuaz hitz egiten da. Inoren aurrean adeitasunez eta onginahiez jokatzera bultzatzen gaituen sentimena da begirunea. Begirune eza zakarkeria da. Begirunea eman eta hartzen dugu: besteen errespetua espero dugu begirunea erakusten dugun moduan.
Definizio mugatuago batean, begiruneak hitz emate bat aditzera eman dezake, promesa konprometitu bat, kontratu bat edo joko arauak betetzeko gaitasuna iradokitzen baitu. Alde horretatik begiratuta, emandako hitza betetzearen sinonimoa da, kontratuaren baldintzak betetzearena, edo joko arauak betetzearena.
Gizaki bati aplikaturik, begiruneak estimuaren adiera hurbilago du; gizaki horrek berak lehenago burututako egintzak gogoratzeko gaitasunean oinarritzen da, ekintza horiek aintzat hartzeko modukoak direnean. Ez dira begirune eta tolerantzia nahastu behar, tolerantziak ez baititu arrazoi berak, eta, begirunea ez bezala, ez da bateraezina mespretxuarekin.
Definizioa eta erabidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Definizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, begirunea «norbaiten edo zerbaiten aurrean, bere itzal edo balioagatik, begiratuki jokatzea eragiten duen sentimena» da.[1]
Erabidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Begirune kontzeptua begi hitzaren oinarrian sortua da —adieraz hurbil den begiramen edo begiramendu sinonimoaren gisara— ziurrenik errespetua adierazteko lehen keinua begirada baita. Orobat, XIX. mendeko bizkaitar idazle klasikoen artean begirakune forma hedatu zen, geroago gipuzkoar batzuen artean ere bai, besteak beste begirune kontzeptua adierazteko.[2]
Literatura klasikoan, begirune hitzak begiraune edo begirauna formak hartu zituen bizkaitar idazleengan. Aditz erabileran, izan laguntzailearekin batera erabiltzen da (begirune izan).[3]
Ikuspegi historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Charlie Chaplin britainiar aktore eta zuzendariaren iritziz «historiako une bakar batean ere ez du giza errespetuak distira handirik egin».[5] Hala ere, begirunearen jatorria manera onen praktikan eta betebehar erlijioso jakin baten aplikazioan lotu daiteke.
Antzinaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
K.a. 435. urtean, Sokrates filosofoak bere jarraitzaileei gogora ekarri zizkien bileretako jokabide egokien arauak, ardoak eta jai giroak jokamolde edo hizkuntza gehiegikeriak sortzen ahal zituela ikusirik. Lau mende geroago, Zizeron erromatarrak gizalegea goraipatu zuen Betebeharren eskuliburua obran, Marcus semeari zuzenduta.[6]
Erdi Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dogma katolikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdi Aroan zehar, Erromatar Eliza Katolikoak dogmaren errespetua zaindu zuen guztiaren gainetik, dogmak hotsandiz aldarrikatzen duen fedearen adierazpena baitzen. Errespetu hitza erabili arren, Eliza katolikoaren tradizioak heretikoen aurka borrokatzera bultzatzen zituen kristauak, Aita Santuaren agintearen alde, besteren errespetuaren nozio modernoen kontrako norabidean, alegia.[7]
Adeitasunezko maitasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizarte oneko gizonaren eta emakumearen artean izan beharreko jarrera idealizatu gisa, adeitasunezko maitasunak Erdi Aroko Europan tradizio bat sorrarazi zuen, lehenik Okzitanian eta gero oil hizkuntzako herrialdeetan, XII. mendetik aurrera, ideal horren babesleen eraginari esker, besteak beste Leonor Akitaniakoa eta Maria Frantziakoa, Champagneko kondesa, Chrétien de Troyes mezenasa.[8]
Argien mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Entziklopedia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantzian argitaratua, 1722 eta 1745 artean, Diderot eta Alemberten Entziklopediak begirunea «norbaiten nagusitasunaren aitorpen» gisa aurkezten zuen eta bi errespetu mota definitzen ditu, «merituari zor zaiona, eta lekuei ematen zaiena, jaiotzean».[9]
Begirunearen kontzeptua giza eskubideen esparrura aplikatzen da bereziki.[10][11]
Ikuspegi filosofikoa eta etikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Begirunearen filosofia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Emmanuel Kant filosofo alemaniarrak Arrazoimen praktikoaren kritika lan filosofikoan idatzi zuen: «begirunea beti pertsonei lotzen zaie, inoiz ez gauzei»,[12] eta, horrela, errespetua gizakiei soilik aplikatzen zaien giza nozioa dela adierazten du. Lan berean, parafraseatuz Bernard Le Bovier de Fontenelle frantses filosofoa —zeinak bereizten baitzuen maila sozialari zor zitzaion errespetuzko jarrera eta norberaren merezimenduekiko begirunea—, Kantek hau ere idatzi zuen: «behe mailako hiritar arrunt baten aurrean, zeinari neuk neure baitan ohartzen ez dudan izaeraren zuzentasun bat hautematen diodan, nire espirituak burua makurtzen du, nahi ala ez, eta burua goian izan arren, hari nire gorentasuna ikustarazteko».[12]
Blaise Pascal frantsesak ere bi begirune mota horiek bereizi zituen: «begiramen naturala» eta «ezarritako errespetua».[13]
Albert Camus frantsesak, hil ondoren argitaratutako bere koaderno autobiografikoetako batean, esaldi hau idatzi zuen: «ezer ez da kristau erlijioak bultzatutako beldurrean oinarritzen den errespetua baino arbuiagarriagoa», honela, Pascalek hain maitea zuen «ezarritako errespetuari» ezaugarri ez hain duina eta paradoxikoki «hain errespetagarria ez zena» emanez.[14]
Begirunea, balio etikoa?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Etika balio judizioei buruzko diziplina filosofikoa da, eta arau juridikoetatik bereizten diren arau multzo bat biltzen du baina, hala ere, haiek osatu ditzaketenak.
«Balioekiko begirunea» eta «besterekiko begirunea» oinarrizko balio etiko bati atxikita daudela diruditen nozioak dira, zibilizazioen, gizarteen eta are gizarte taldeen araberakoak izan daitezkeena, balio desberdinetako eskalak osatzen baitituzte. Adibide argi bat jartzearren, harreman sozialak, batez ere sexu harremanak, harigarriak gertatu zitzaizkion Artikoko eta Ipar Handiko herri indigenak ezagutzera iritsi zen europar esploratzaile askori.[15]
Giza begirunea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giza eskubideen esparruko adituen artean, iritzi partekatu bat izan daiteke «elkarrekiko begirunea» dela, ziurrenik, gizateriaren balio preziatuena.[16]
Dena dela, beste iritzirik ere badago: elkarrekiko begiruneak besteren iritziaren edo juzguaren beldurra sor dezake eta, horren ondorioz, jokabide konformistak hartzeko aitzaki bat izan daiteke.[17] Ideia hori bera aldeztu zuten Jean-Jacques Rousseau frantses filosofoak Émile, ou De l'éducation tratatuan, eta Paul Nizan idazleak La Conspiration eleberrian.
Begirunea eta teknologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sare sozialetan begirunezko jokabideak aski baztertuak ote dauden eta gorroto jarrera oldarkorrak nagusitzen ote diren kezka gero eta zabalduago dago hedabidetan.[18] Europar aditu eta agintari batzuen iritziz, XX. mendeak aurrera egin ahala, «sare digitalak polarizazio eta eraso eremu bihurtzen ari dira, eta horrek eragin zuzena du herritarren osasun mentalean zein kalitate demokratikoan»,[19] bereziki gaztetxoen eta gutxiengoen artean.[20][21]

Gorroto eta jazarpen digitalari aurre egiteko eta sarean eskubideak babestu nahiz begirunea sustatzeko bidean, adituek zein agintariek zenbait esku hartze eta estrategia aztertu izan dituzte.[22] Irtenbideak askotarikoak izan daitezke, baina ikerketa akademikoek erakutsi dute saio eraginkorrek hiru zutabe nagusi uztartu behar dituzte: hezkuntza, begirunearen aldeko diskurtsoa eta neurri teknologiko-legalak. Emaitzek erakusten dute sare sozialetako plataformak azkarrago erantzuten ari direla salaketen edo agintarien presioen aurrean, baina adituek azpimarratzen dute lege hutsa ez dela nahikoa eta hezkuntza saioetan sakondu behar dela sareen erabilera osasuntsua bermatzeko.[23]
Alderdi soziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiekiko begirunea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizabanako bakoitzak beste gizakideekiko nabaritu behar lukeen sentimen sakon horretan oinarritzen da gizakiekiko begirunea, Johann Wolfgang von Goethe alemaniar eleberrigile, poeta eta pentsalariak aipu honetan azaldu zuen eran:
| « | Geure buruarekiko errespetua da gure moralaren araua. Gure kideekiko errespetua, berriz, haienganako jokabidearena.[24] | » |
Agurra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inor agurtzeko keinua da begirunea trukatzeko lehen erakusbide.[25] Begirunearen osagarri, gainera, agurraren keinuak aitorpen eta adeitasuna azpimarratzen ditu, eta esparru militarrean esanekotasun modu jakin bat adierazten du.[26]
Agurtzeko keinua kirolaren esparruan ere badago, bereziki borroka arteen esparruan[27] edo errugbian;[28] beste horrenbeste, antzerkian, musika kontzertuetan edo dantzan, emanaldi baten amaieran,[29] eta abar. Gizatalde horietako bakoitzarentzat agurrak besteri —kidea izan edo aurkaria izan— begirunea eta aitorpena erakusteko modu bat irudikatzen du.
Adeitasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Adeitasunak gizabanakoen arteko portaera sozialen multzo bat biltzen du, besteren aintzatespena adierazteko helburua duena eta besterekiko begirunean adierazten eta jarduten duena. Adeitasuna heziera on baten ezaugarri izan ohi da.[30] Besterekiko begiruneak eta norberarekiko errespetuak funtsezko lekua betetzen dute adeitasunaren kontzeptuan, hainbesteraino ezen «forma metonimiko batean, oso-osorik ordezkatzen baitu. Begirunea eskatzen denean, adeitasuna aldarrikatzen da».[31]
Etiketa (egokitasuna)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]«Manera onak» edo etiketa portaera sozialaren adierazlea da. Norbait espazio itxi batean gurutzatzen denean «kaixo» esatea, inork zerbait ematen dizunean edo mesede bat egiten dizunean «eskerrik asko» esatea, edo hitzordu batean puntuala izatea manera onen arauak betetzen dituenaren ezaugarri izan daitezke.[32]
Tolerantzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Begirunearen noziotik nabarmen desberdina, tolerantzia da beste inorengan onartzea norberak hartzen duenaz bestelako pentsaera edo jokabide bat. Kontua da, hain zuzen, besteren askatasuna errespetatzea iritziei, sinesmenei edo bizi-arauei dagokienez.[33] Bihozberatasuna ere tolerantzia mota bat da.
Ortografiaren begirunea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Émile-Auguste Chartier Alain frantses filosofoaren arabera, «ortografia begirunea da; adeitasun moduko bat».[34]
Julien Soulié irakasleak, Le Figaro frantses egunkariko kazetari batek frantses ortografiaren erreforma zela eta galdetuta, honela esan zuen: «ortografia kode sozial bat ere bada. Inori ondo idaztea, begirunea eta manera onak erakustea da».[35]
Animaliekiko begirunea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Animalien ongizatearen nozioak oro har animalien eta bereziki abereen egoera hobetzearekin du zerikusia,[36] eta gizakiak animaliei dien begirunearen zentzuan mugitzen da, gizakiak hurkoekiko duen begirunearen antzera.
Europan, animalien defendatzaileen mugimendu askok sarean argitaratu zuten animaliaren eskubideen deklarazio unibertsala, 1978ko urriaren 15ean Parisko Unescoren egoitzan handikiro aldarrikatua.[37] Testu horren 2. artikuluak honela dio: «Animalia bizitza orok du begirunerako eskubidea».[38]
Hildakoekiko begirunea eta hileta errituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historiaurreko garaietatik, gizakiek hileta errituak egin izan zituzten, keinu, jokabide, hitz, dantza edo kantuei lotuak, gizaki baten heriotzarekin batera, hari omenaldi egiteko asmoz.[39] Mendetako praktika horiek hildakoekiko begirunezko jarrerak sustraitu ditu gizakiengan, hilerriak horren erakusle.
Hildakoekiko begirune hori lotuta dago, baita ere, gertakari historiko tragikoen biktimak gogoratzeko betebehar moralarekin, hau da, oroimen betebeharrarekin, halakorik berriro gerta ez dadin. Porraimosa, holokaustoa, genozidioak, esklaboen salerosketa edo Espainiako gerra garaian erail eta bide bazterrean lurperatutakoak[40] izan daitezke, besteak beste, hildakoekiko oroimen betebehar horren adibide.[41]
Legearen alderdia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giza duintasunaren begirunea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europar Batasunean, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunak giza duintasuna aldarrikatzen du oinarrizko eskubide eta balio gisa, bere lehen atalaren («Duintasuna») lehen artikuluan: «Giza duintasuna urraezina da. Errespetatu eta babestu egin behar da».[42]
Bizitza pribatuaren errespetua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Era berean, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunak bere 7. artikuluan («Bizitza pribatuaren eta familiakoaren errespetua») ezartzen du: «Pertsona orok du eskubidea bere bizitza pribatua eta familiarra, bere etxebizitza eta komunikazioak errespetatuak izan daitezen».[42]
Gutxiengoekiko begirunea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Begirune modu hori pertsona bakoitzaren eskubide indibidualen eta gutxiengoen eskubide kolektiboen printzipioan oinarritzen da. Gutxiengoen eskubideak Giza eskubideen nazioarteko zuzenbidean integratuta daude. Halaber, haurren eskubideak, emakumeen eskubideak eta jatorri guztietako iheslarien eskubideak ere.
Europar Batasunean, zuzentarau batek arautzen ditu berdintasunezko tratua izateko eskubideak, arraza edo jatorri etnikoa, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo sexu joera edozein direla ere, enpleguan, lanean eta beste zenbait alor publikotan.[43]
Ingurumenarekiko begirunea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingurumenaren babesa eta ingurumen etika bat datoz gizakiaren jarduerek ingurumenean duten eragin negatiboa mugatzeko edo ezabatzeko ezarri beharreko arauekin.[44]
Europar Batasunak ingurumenaren babesa lau esparrutan dauka araututa, funtsean:
- Klima eta energia: 2050erako klimarako neutrotasuna lortzeko helburu loteslea.[45]
- Natura eta biodibertsitatea: ekosistemak leheneratzeko eta biodibertsitatea babesteko neurriak.[46]
- Kutsadura eta hondakinak: ekonomia zirkularra bultzatzeko eta birziklatze tasak goratzeko neurriak.[47]
- Erantzukizun juridikoa: ingurumenari egindako kalteen prebentzioa zorrozteko eta «kutsatzen duenak ordaintzen du» printzipioa juridikoki aplikatzeko neurriak.[48]
Funtsen begirunea artxiboetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artxibozaintzaren oinarrizko printzipioetako bat da gorde beharreko funtsen begirunea, hau da, artxibo funts baten jatorriarekiko errespetua[49] eta hura osatzen duten dokumentuen sailkapen koherentea egitea.[50]
Kontraesanaren begirunea (zuzenbideko printzipioa)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontraesanaren printzipioa, zuzenbide prozesalean, prozesu judizial modernoaren funtsezko printzipio juridiko bat da. Elkarren aurkako jarrera juridikoak dituztenen dualtasunaren beharra dakar, halako moldez non kasua instruitzeko eta epaia emateko ardura duen auzitegiak ez baitu jarrerarik hartzen auzian, eta alderdien uzi eta alegazioen arabera inpartzialki epaitzera mugatzen baita.[51]
Begirunea arteetan eta kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Literaturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal literaturan, begirunearen kontzeptua nagusi izan da, aldez edo moldez, zenbait obra klasiko edo modernotan:
- Txomin Agirreren Garoa eta Kresala eleberrietan, begirunea bertute nagusi bat da. Garoa eleberrian, Joanes artzainak arbasoen ohiturekiko, dotrinarekiko eta naturarekiko begirune sakona irudikatzen du, eta begirune hori galtzeak dakarren gizartearen gainbehera.[52]
- Mariasun Landaren Krokodiloa ohe azpian liburua, haur eta gazte literaturako klasiko bat den arren, helduentzat ere sakona da. Diferentzia nola onartu, bakardadea eta gizarteak ohikoak ez diren pertsonenganako agertu beharreko begirunea eta enpatia ditu azpigai nagusi.[53]
- Anjel Lertxundiren Otto Pette eleberriak bi pertsonaiaren arteko elkarrizketa eta borroka psikologikoaren bidez, etsaiarekiko begirunea eta norberaren iraganarekiko errespetu iluna islatzen dira, Erdi Aroko giro ilun batean.[54]
- Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua eleberrian, existentzialismoaren esparruan, pertsonaiak bere buruarekiko leialtasuna eta bere hizkuntzarekiko zein herriaren izaerarekiko begirune etikoa bilatzen du, garai hartako lozorro kulturalari aurre egin nahirik.[55]
Musikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Musikaren esparruan, begirunearen kontzeptua alderdi askotatik begiratuta landu izan da:
- Musika klasikoan, Ludwig van Beethoven konposatzailearen 6. sinfonia Pastorala naturari zor zaion begirune eta miresmen adierazpen klasiko handienetako bat da.[56]
- Nazioarteko musika modernoaren arloan, Otis Redding soul kantariak Respect kanta argitaratu zuen Otis Blue (1965) diskoan. Urte batzuk geroago, Aretha Franklin abeslariak bertsio ezagun bat kaleratu zuen, I Never Loved a Man the Way I Love You (1967) diskoan. Genero berdintasunaren eta eskubide zibilen ereserkitzat hartzen da Mendebaldeko herrialde askotan.[57] The Staple Singers estatubatuar taldeak Respect Yourself kanta argitaratu zuen, 1971n, norbere buruarekiko begirunea aldarrikatzen duen funk eta soul kanta klasikoa.[58]
- Euskal musikaren esparruan, Oskorri taldeak Guretzat kanta argitaratu zuen, Gabriel Aresti poetaren hitzekin, Gabriel Arestiren oroimenez (1976) diskoan, herriari eta elkarbizitzari zor zaion begirunea goresten duen kanta mitikoa.[59] Zea Mays bilbotar taldeak Negua joan da ta kanta kaleratu zuen Era (2010) albumean, naturaren zikloekiko eta barne indarrekiko begirunea islatzen duen abesti arrakastatsua.[60]

Zineman
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ken Loach britainiar zinemagileak I, Daniel Blake (2016) filma zuzendu zuen, bihotzeko arazo larriak dituen 59 urteko gizon baten istorioa eta gizarte zerbitzuek gaizki tratatzen dituzten bi haurren ama ezkongabe batena kontatzen duena, begirune handiz elkarri laguntzen saiatzen direnak.
- Kulturen arteko begirunea landu zuen Clint Eastwood zinemagileak Gran Torino (2008) filmean.[61] Peter Farrelly estatubatuar zuzendarian Green Book (2018) filma zuzendu zuen, elkarrenganako begirunea eta aurreiritzien haustura azaltzen duena.[62]
- Peter Weir australiar zinema zuzendariaren Dead Poets Society (1989) filmak Ikasleen ahots propioarekiko begirunea eta maisuarekiko miresmena maisuki landu zituen.[63]
- Kevin Costner aktore eta zuzendariak egindako Dances with Wolves (1990) filmak Ameriketako lehen populazioen kulturarekiko begirune sakona erakutsi zuen.[64]
- Euskal zinemaren arloan, Asier Altuna gipuzkoar zuzendariak egindako Amama (2015) filmak baserri munduko kodeekiko eta gurasoekiko begirunea lantzen ditu.[65]
Besterik
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko Unibertsitateak 2026an «Begirune» izeneko prozesua antolatu zuen, unibertsitate kideen arteko harremanetan begirunea eta erantzunkidetasuna sustatzeko protokoloa diseinatzeko.[66]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > begirune» Euskaltzaindiaren HIztegia (kontsulta data: 2026-08-09).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > begirakune» Orotariko Euskal Hiztegia (kontsulta data: 2026-08-09).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > begurne» Orotariko Euskal Hiztegia (kontsulta data: 2026-08-09).
- ↑ (Ingelesez) Chaplin, Charles. (1964). My Autobiograghy. London: Simon & Schuster (archive.org), 479. or. ISBN 978-1612191928. OCLC .824512504.
- ↑ Jatorrizko esaldia: «At no time in history has human respect shone with such a bright light».[4]
- ↑ (Frantsesez) Gas, Hanna. (2012). «Apprendre les bonnes manières - L’ histoire de la politesse» Historia (web.archive.org) 785. ISSN 1270-0835. (kontsulta data: 2026-08-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ortega Martín, Eduardo Manuel. (2021). Heterodoxias medievales y su repercusión en la actualidad. Universidad de Granada (kontsulta data: 2026-08-11).
- ↑ (Frantsesez) Verdon, Laure. (2004). Le moyen-âge. Paris: Cavalier bleu, 96. or, 128. or. ISBN 978-2846700894. OCLC .56920341.
- ↑ (Frantsesez) Diderot, Denis; d'Alambert, Jean le Rond. (1765). «Respect» Enccre/ICE - Édition numérique collaborative et critique de l'Encyclopédie (kontsulta data: 2026-08-11).
- ↑ (Ingelesez) Brännmark, Johan. (2017-06-01). «Respect for Persons in Bioethics: Towards a Human Rights-Based Account» Human Rights Review 18 (2): 171-187. or. doi:. ISSN 1874-6306. (kontsulta data: 2026-08-11).
- ↑ (Ingelesez) Karp, David Jason. (2020). «What is the responsibility to respect human rights? Reconsidering the ‘respect, protect, and fulfill’ framework» International Theory 12 (1): 83-108. or. doi:. ISSN 1752-9719. (kontsulta data: 2026-08-11).
- 1 2 Kant, Immanuel. (1788). «Hirugarren atala. Arrazoimen praktiko hutsaren bultzagaiez» Arrazoimen praktikoaren kritika (Wikiteka) (kontsulta data: 2026-08-11).
- ↑ (Frantsesez) Manon, Simone. (2008-01-27). «Le sentiment du respect» PhiloLog (kontsulta data: 2026-08-11).
- ↑ (Frantsesez) Gligor, Adela. (2013). Bouloumié, Arlette ed. «Le sacré camusien entre mythes païens et mythes chrétiens» Libres variations sur le sacré dans la littérature du XXe siècle (Presses universitaires de Rennes): 43-61. or. doi:. ISBN 978-2753547919. OCLC .1006889529 (kontsulta data: 2026-08-11).
- ↑ (Frantsesez) Saladin d’Anglure, Bernard. (2004). «Le " troisième " sexe social des Inuit» Diogène 208. zk. (4): 157-168. or. doi:. ISSN 0419-1633. (kontsulta data: 2026-08-11).
- ↑ Velez de Mendizabal, Josemari. (2004-12-05). «Begirunetik begirunera» Argia (kontsulta data: 2026-08-12).
- ↑ (Frantsesez) «Définition de respect» Trésor de la langue française (kontsulta data: 2026-08-12).
- ↑ (Ingelesez) Oksanen, Atte. (2026). «The price of speaking out: European landscape of online hate and harassment» Journal of Science Communication 25 (4) doi:. ISSN 1824-2049. (kontsulta data: 2026-08-12).
- ↑ (Ingelesez) European Union. «EP Spring 2026 survey» Eurobarometer (kontsulta data: 2026-08-12).
- ↑ (Frantsesez) Commission européenne. «Eurobaromètre Flash: Les Européens appellent à une action plus forte en faveur de la sécurité en ligne des enfants, de la résilience démocratique, de la défense et de la transition énergétique | Bâtir l’avenir numérique de l’Europe» Bâtir l’avenir numérique de l’Europe (kontsulta data: 2026-08-12).
- ↑ (Ingelesez) Neubauer, Adrián; Gonzalez-Garcia, Abel. (2025-08-21). «The European Union’s Response to Bullying and Cyberbullying: An Educational Policy Analysis» Social Sciences 14 (8): 505. doi:. ISSN 2076-0760. (kontsulta data: 2026-08-12).
- ↑ (Ingelesez) Freihse, Charlotte; Bojarskich, Vladimir. (2023-08-15). «The Online Hate Speech Interventions Map» The International Network for Hate Studies (kontsulta data: 2026-08-12).
- ↑ (Frantsesez) Commission européenne. «Premiers résultats publiés dans le cadre du code de conduite révisé sur la lutte contre les discours de haine illégaux en ligne + | Bâtir l’avenir numérique de l’Europe» Bâtir l’avenir numérique de l’Europe (kontsulta data: 2026-08-12).
- ↑ (Frantsesez) Goethe, Johann Wolfgang von. Itzulpena: Sigismond Sklower. (1842). Maximes et Réflexions (1833). Paris: Brockhaus et Avenarius, libraires-éditeurs (Wikisource), 136. or or. (kontsulta data: 2026-08-13).
- ↑ Ez alferrik, agur hitzaren adieretako bat begirunea da, Euskaltzaindiaren Hiztegiar
- ↑ (Ingelesez) Ministry of Defence. «Salute – a gesture of respect and trust» Republic of Serbia (web.archive.org).
- ↑ (Ingelesez) Minarik, Martin. (2026). «Towards a Performativity-Based Understanding of Norms and Values in Martial Arts Practice» Martial Arts Studies 0 (20) doi:. ISSN 2057-5696. (kontsulta data: 2026-08-13).
- ↑ (Ingelesez) Singleton, Benedict E.. (2024). «‘It’s always on’. Rituals and social structure within an international touch rugby team» Sport in Society 27 (11): 1707-1728. or. doi:. ISSN 1743-0437. (kontsulta data: 2026-08-13).
- ↑ (Ingelesez) Clark, Caroline Sutton. (2023). «Curtain Calls in Dance: Negotiating the Terms of Disengagement» Dance Research Journal 55 (2): 58-75. or. doi:. ISSN 0149-7677. (kontsulta data: 2026-08-13).
- ↑ (Frantsesez) «Définition de politesse» Trésor de la langue française (kontsulta data: 2026-08-13).
- ↑ (Frantsesez) Picard, Dominique. (2024). Politesse, savoir-vivre et relations sociales. Paris: Presses universitaires de France, 7. or. ISBN 978-2715422308. OCLC .1426882093.
- ↑ (Ingelesez) Yuldashev, B.. (2021). «‘Social Etiquette’ – Need and Necessity» SSRN Electronic Journal doi:. ISSN 1556-5068. (kontsulta data: 2026-08-14).
- ↑ (Ingelesez) Carter, Ian. (2013). «Are Toleration and Respect Compatible?» Journal of Applied Philosophy 30 (3): 195-208. or. doi:. ISSN 1468-5930. (kontsulta data: 2026-08-14).
- ↑ (Frantsesez) «L'orthographe est de respect ; c'est une sorte de politesse.» Le Figaro (kontsulta data: 2026-08-14).
- ↑ (Frantsesez) Develey, Alice. (2016-08-30). «Que cache la réforme de l'orthographe ?» Le Figaro (web.archive.org).
- ↑ Romero, Aroa; González, Pablo; León-Ecay, Sara; Goenaga, Irantzu; Mendizabal, José Antonio; Insausti, Kizkitza. (2023). «Nafarroako Aratxea izendapenean gizendutako animalien ongizatea: Elikadura konbentzionala vs Azpiproduktu begetalak» IkerGazte. Nazioarteko ikerketa euskaraz 5: 97-103. or. doi:. ISSN 3045-9567. (kontsulta data: 2026-08-15).
- ↑ (Frantsesez) Cyrulnik, Boris; Fontenay, Élisabeth de; Singer, Peter; Matignon, Karine Lou. (2013). Les animaux aussi ont des droits. Paris: Éd. du Seuil, 288. or. ISBN 978-2021101911. OCLC .847568666.
- ↑ (Frantsesez) «La déclaration universelle des droits de l’animal» S.P.A. de Colmar (web.archive.org).
- ↑ Labayru; Etniker. «Heriotz Ohikuneak Euskal Herrian» Euskal Herriko Atlas Etnografikoa (kontsulta data: 2026-08-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Pérez Guirao, Francisco Javier. (2024). «De excavar con las manos a la impugnación política. Análisis comparativo de exhumaciones durante el franquismo, la transición y la democracia» Política y Sociedad 61 (2) doi:. ISSN 1988-3129. (kontsulta data: 2026-08-15).
- ↑ Gómez Garmendia, Jon. (2025). «Betebeharra ala eskubidea? Memoria-legeen aldeko eta kontrako argudioei buruzko azterketa kriminologikoa» Uztaro 134. zk: 103-120. or. doi:. ISSN 3020-5115..
- 1 2 (Frantsesez) Union européenne. «Charte des droits fondamentaux de l'Union européenne» Eur-lex (kontsulta data: 2026-08-15).
- ↑ (Frantsesez) Europar Batasuna. «Kontseiluaren 2024/1499 (EB) Zuzentaraua, 2024ko maiatzaren 7koa, tratu-berdintasunerako erakundeei aplikatu beharreko arauei buruzkoa, arraza edo jatorri etnikoa, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo sexu-joera edozein dela ere, pertsonen arteko tratu-berdintasunaren arloan, enpleguan eta lanean, gizarte-segurantzan emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunaren arloan, bai eta ondasun eta zerbitzuetarako sarbidean eta ondasun eta zerbitzuen horniduran ere.» Eur-lex (kontsulta data: 2026-08-15).
- ↑ (Ingelesez) Ikeke, Mark Omorovie. (2020-10-01). «Environmental Ethics and Environmental Governance for Security in Africa» European Journal of Sustainable Development 9 (3): 67. doi:. ISSN 2239-6101. (kontsulta data: 2026-08-15).
- ↑ (Frantsesez) Europar Batasuna. «Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1119 (EB) Erregelamendua, 2021eko ekainaren 30ekoa, klima-neutraltasuna lortzeko esparrua ezartzen duena» Eur-lex (kontsulta data: 2026-08-15).
- ↑ (Frantsesez) Europar Batasuna. «Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024/1991 (EB) Erregelamendua, 2024ko ekainaren 24koa, naturaren leheneratzeari buruzkoa» Eur-lex.
- ↑ (Frantsesez) Europar Batasuna. «Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentaraua, 2008ko azaroaren 19koa, hondakinei buruzkoa» Eur-lex.
- ↑ (Frantsesez) Europar Batasuna. «Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004/35/EE Zuzentaraua, 2004ko apirilaren 21ekoa, ingurumenaren arloko erantzukizunari buruzkoa, ingurumen kalteen prebentzioari eta konponketari dagokionez» Eur-lex.
- ↑ (Ingelesez) Gilliland, Anne J. (2000). Enduring paradigm, new opportunities: the value of the archival perspective in the digital environment. Washington: Council on Library and Information Resources, 12. or. ISBN 978-1887334747. OCLC .43564387.
- ↑ (Gaztelaniaz) Ávila, Rodrigo Fortes de; Rojas, Miguel Angel Rendón. (2024). «Sentidos y resignificados del principio de procedencia» Páginas a&b: arquivos e bibliotecas: 39-52. or. doi:. ISSN 2183-6671. (kontsulta data: 2026-08-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) Olivas Morillo, Pedro Luis. (2024). «El principio de contradicción en el proceso civil: un análisis jurídico exhaustivo» Práctica de tribunales: revista de derecho procesal civil y mercantil (171): 4. ISSN 1697-7068. (kontsulta data: 2026-08-16).
- ↑ Toledo Lezeta, Ana María. (1999). «Txomin Agirre (1864-1920): mende-mugako zurrunbilotik urrun» Bidebarrieta: Revista de humanidades y ciencias sociales de Bilbao (4): 125-137. or. ISSN 1137-4888. (kontsulta data: 2026-08-16).
- ↑ Serrano Mariezkurrena, Amaia. (2011). Xabier Etxaniz; José Manuel López Gaseni eds. «Mariasun Landa: Krokodiloa ohe azpian» Egungo euskal haur eta gazte literaturaren historia (Gasteiz: Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua): 169‐180. or. ISBN 978-8498605426. OCLC .801054743.
- ↑ Armiarma. «Bilaketa > Otto Pette» Kritiken hemeroteka (kontsulta data: 2026-08-16).
- ↑ Aldekoa Beitia, Iñaki. (2007). «Txillardegi: "Leturiaren egunkari ezkutua"» Euskera ikerketa aldizkaria - Euskaltzaindia 52 (2): 627-634. or. ISSN 0210-1564. (kontsulta data: 2026-08-16).
- ↑ DW Classical Music. (2019-12-03). Beethoven: Symphony No. 6 Pastoral | Philharmonia Zürich & Jukka-Pekka Saraste. (kontsulta data: 2026-08-17).
- ↑ Smurfstools Oldies Music Time Machine. (2025-10-31). Respect 📀 Aretha Franklin {Stereo} 1967 Recording. (kontsulta data: 2026-08-17).
- ↑ The Staple Singers - Topic. (2018-07-30). Respect Yourself (Album Version). (kontsulta data: 2026-08-17).
- ↑ Oskorri - Topic. (2014-11-08). Guretzat. (kontsulta data: 2026-08-17).
- ↑ Promomusika. (2011-03-14). ZEA MAYS - Negua joan da ta. (kontsulta data: 2026-08-17).
- ↑ (Ingelesez) «Gran Torino» WarnerBros (kontsulta data: 2026-08-17).
- ↑ (Ingelesez) «Green Book» Universal Pictures (kontsulta data: 2026-08-17).
- ↑ (Ingelesez) «Dead Poets Society» IMBd.
- ↑ (Ingelesez) «Dances with Wolves» IMBd.
- ↑ «Amama» IMBd.
- ↑ «Begirune - EHUagora» Euskal Herriko Unibertsitatea (kontsulta data: 2026-08-17).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Stanford Encyclopedia of Philosophy - Respect