HTML
| Jatorria | |
|---|---|
| Sorrera-urtea | 1989 |
| Argitaratze-data | 1993 |
| Aurkitzailea edo asmatzailea | Tim Berners-Lee |
| Ezaugarriak | |
| Media mota | text/html |
| Egile-eskubideak | copyrightduna |
| Lizentzia | Creative Commons Attribution 4.0 International (en) |
| Deskribapena | |
| Oinarritua | SGML |
| Ekoizpena | |
| Garatzailea | World Wide Web Consortium, IETF eta Web Hypertext Application Technology Working Group (en) |
| html.spec.whatwg.org… | |
| Iturri-kodea | https://github.com/whatwg/html eta https://github.com/w3c/html |
HTML (Hipertestua markatzeko lengoaia edo HyperText Markup Language) web-orriak sortzeko markaketa-lengoaia bat da. 1990ean Barners-Lee-k definitua, estandar bihurtu eta World Wide Web-aren sorrera ekarri zuen. Sortu zenetik gaurdaino, hainbat bertsio argitaratu dira, azkena HTML5 bertsioa. Web-nabigatzaile eta plataforma desberdinetan erabil daiteke.
Etiketen bidez dokumentua markatu egiten da: izenburua, atalak, paragrafoak, zerrendak, taulak, etab. Web-nabigatzaileak HTML-dokumentuko etiketak interpretatzean, markatutakoari dagokion itxura ematen dio web-orriari. Etiketen semantika interpretatuz, edukiari buruzko informazioa hobeto ulertzea lortzen da eta horri esker Interneteko bilaketak errazten dira. Azken bertsioetan, web-orriaren itxura kontrolatzeko CSS estilo-orriekin batera erabiltzen da eta JavaScript lengoaian idatzitako script-ak txerta daitezke web-orrian.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1980ko hamarkadaren erdi aldera, CERN-eko Tim Berners-Lee fisikariak CERNeko ikertzaileek dokumentuak erabili eta partekatzeko ENQUIRE sistema proposatu eta prototipoa sortu zuen. 1989an bi teknika zeuden dokumentu elektronikoak haien artean lotzeko: estekak erabiltzea edo SGML izeneko markaketa-lengoaia erabiltzea. Barners-Lee-k 1990ean HTML definitu zuen eta World Wide Web sortu zuen.
HTMLren lehen deskribapen publikoa "HTML Tags" izeneko dokumentua izan zen, Tim Berners-Lee-k 1991ko amaieran Interneten lehen aldiz aipatu zuena. Bertan, HTMLren hasierako diseinua osatzen zuten 18 elementuak deskribatu zituen. 1993ean David Raggett-ek HTML+ sortu zuen, ezaugarri berriak erantsiz, hala nola, irudiak, taulak eta inprimakiak.[1]
1994an Berners-Lee-k sortu zuen World Wide Web Consortium (W3C)[2] erakundeak garatzen ditu WWWerako estandarrak, eta denboran zehar proposatu dituen hobekuntzekin HTML-ren bertsio berriak sortu dira. Hobekuntza eta gomendio horiek beste lengoaia batzuren oinarri ere badira, hala nola, XHTML eta XML. HTML-ren bertsio nagusiak hauek dira:
HTML 2
[aldatu | aldatu iturburu kodea]HTML eta HTML+ bertsioen garapenetik sortu zen 1995ean eta HTML-ren lehen estandar gisa hartzen da[3]. Etorkizuneko inplementazioek estandar hau oinarri hartzea zen helburua. Tim Berners-Lee-k eta Dan Conolly-k editatu zuten eta lehen HTML bertsio ofizial moduan ezagutzen da. Informazioa modu sinplean adieraztea zen helburua, dokumentuaren egitura sinple mantentzea. Hori dela eta, taulak editatzeko euskarririk ez du, adibidez. Zentzu horretan, minimalista eta purua dela esaten da.
HTML 3
[aldatu | aldatu iturburu kodea]HTML 3.0 izenez ezagutzen den lehen bertsioa 1995ean proposatu zen eta aukera berri asko jaso zituen, taulak sortzeko, irudien inguruan testua jarri ahal izateko edo formula matematiko konplexuak idatzi ahal izateko, adibidez. Hala ere, konplexuegia zen garai hartan zegoen teknologiarako eta proiektua bertan bera geratu zen. Web orrien estetika hobetzeko interesa handituz zioan eta garatzaileek web orrien diseinurako tresnaren bat garatzeko beharra ikusi zuten. Horrela sortu zen CSS (Cascading Style Sheets), estilo-orriak definitzeko balio du eta HTML dokumentu bati erantsiz gero, dokumentuaren diseinua egokitzeko erabiltzen dira. Estilo-orri horiek HTML-ren independenteak dira eta sintaxi propioa dute. Horri esker, web orrien garatzaileek modu egokian kontrolatu ahal izango zuten orriaren itxura.
HTML 3.2 bertsioa[4] 1997an sortu zen, eta CSS estilo-orriekin batera erabiltzeko egokitua izan zen. Egokitze-prozesu horretan, HTML 3.0 bertsioan sartu ziren ezaugarri batzuk kendu egin ziren. Formula matematikoak idazteko garatu zirenak, adibidez, MathML estandarrean integratu ziren.
HTML 4
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreko bertsioak bezala, hau ere SGML (Standard Generalized Markup Language) estandarrean oinarritzen da. 1998ean proposatu zen HTML 4.0 bertsioa eta 1999an HTML 4.01 argitaratu zen W3C-ren gomendio moduan[5]. Taulak eta formularioak egiteko aukerak hobetu egin ziren. Hasierako bertsioek web-nabigatzaile bakoitzerako espezifikoak ziren elementu-mota eta atributu asko onartzen zituzten baina pixkanaka halakoak "zaharkitu" moduan markatzen hasi ziren eta estilo-orrien erabilera lehenetsi zen. Bertsio berriagoek "frame"-ak, "script"-ak eta objektuak txertatzeko prozedurak eskaini zituzten, web-nabigatzaile bakoitzaren espezifikotasunetatik irteteko. Hiru aldaera proposatu ziren:
- "Strict" edo hertsia: zaharkitutako elementuak eta atributuak ez dira onartzen.
- "Transitional" edo trantsiziokoa: zaharkitutako elementuak atributuak onartzen dira.
- "Frameset": Marko edo "frame" batekin erlazionatutako elementuak bakarrik onartzen dira.
HTML 4.01 bertsioa[5] egonkor mantendu zen urte askotan zehar. Urte horietan zehar, W3C-ko HTML lan-taldea XML (Extensible Markup Language) markaketa-lengoaian oinarritzen den XHTML (Extensible HyperText Markup Language) markaketa-lengoaiaren garapenean aritu ziren.
HTML 5
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bertsio hau WHATWG (Web Hypertext Application Technology Working Group) taldeak mantentzen du. Taldea 2004an sortu zen Apple Inc., Mozilla Foundation eta Opera enpresekin. Gaur egun, taldeko kide nagusiak Apple Inc., Mozilla fundazioa, Google Inc. eta Microsoft enpresak d ira. 2006an Tim Berners-Leek iragarri zuen W3C erakundeak eta WHATWG taldeak elkarrekin lan egingo zutela HTML-aren garapenean. 2008an argitaratu zuten HTML 5-en lehen bertsioa[6]. 2014an W3C erakundeak HTML 5-en erabilera gomendatu zuen[7]. 2016an HTML 5.1 bertsioa[8] agertu zen eta 2017an HTML 5.2 bertsioa[9]. Gaur egun, HTML 5 da World Wide Web-ean erabiltzen den markaketa-lengoaia nagusia[10][11].
Markatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
HTML lengoaian etiketak erabiltzen dira testua markatzeko. Etiketak idazteko <, > eta / ikurrak erabiltzen dira, eta haien bidez dokumentuaren itxura deskriba daiteke edo web-nabigatzailearen portaeran eragina izan dezakeen script-a txertatu, adibidez.
HTML-k hainbat funtsezko osagai ditu, besteak beste, elementuak eta haien atributuak.
Elementuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
HTMLren oinarrizko egitura dira eta oinarrizko bi propietate dituzte: atributuak eta edukia. Elementua normalean bi etiketen bidez markatzen da: hasierako etiketa, <elementuaren izena> modukoa izaten dena, eta amaierakoa,</elementuaren izena>. Elementuaren atributuak hasierako etiketaren barruan zehazten dira eta edukia bi etiketen artean idazten da. Hala ere, badira edukirik ez duten elementuak, baita bukaerako etiketarik ez dutenak ere, adibidez <br>.
Elementuak hainbat motakoak izan daitezke:
- Testuaren egitura deskribatzeko egitura-markak erabiltzen dira. Lehen-mailako atal bat definitzeko, adibidez,
<h1>golf</h1>etiketak erabiltzen dira. Nahiz eta egitura-markek ez duten itxura zehazten, web-nabigatzaile gehienek elementuak formatu estandarrean erakusten dituzte.
- Testuaren itxura deskribatzeko aurkezpen-markak erabiltzen dira. Elementu-mota honen bidez adierazten da testua nola ikusiko den. Letra lodiz erakusteko, adibidez,
<b>letra lodia</b>etiketak erabiltzen dira. Hala ere, HTML-ren azken bertsioetan aurkezpen-marka gehineak baztertu egin dira eta testuari formatu berezia emateko CSS (teilakatutako estilo-orriak) erabiltzen dira.
- Loturak (estekak) sortzeko hipertestu-markak erabiltzen dira. Esteken bidez lotura sor daiteke beste dokumentu batera edo dokumentu bereko beste zati batera. Esteka bat sortzeko, </a> aingura-etiketa erabiltzen da eta "href" atributuaren bidez adierazten da loturak zein URL helbidera eramango duen. Adibidez, Euskarazko Wikipediarako esteka sortzeko:
<a href="http://eu.wikipedia.org/wiki/Azala">Wikipedia<</a>. Posiblea da beste objektu baterako esteka sortzea ere (irudi batera eramateko, adibidez,<img> etiketa erabiltzen da).
Atributuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elementuaren atributuak, gehienetan, atributua="balioa" moduan adierazten dira. Elementuaren hasierako etiketan idazten dira, elementuaren izenaren ondoren. Atributuaren balioa komatxo bikoitzen edo sinpleen artean idatzita egon daiteke, nahiz eta balio-mota batzuk komatxorik gabe ere idatz daitezkeen HTML-n (ez, ordea, XHTMLn).
<elementua atributua="balioa">elementuaren edukia</elementua>
Oinarrizko etiketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona hemen HTML lengoaian idatzita dokumentu baten adibide bat. <!doctype html> etiketak dokumentua HTML motakoa dela adierazten du. Ondoren, oinarrizko etiketa batzuk ageri dira[12].