Udaleko Euskara sailak abian ditu aurtengo dirulaguntzak. Udalak hainbat dirulaguntza ildo eskaintzen ditu, hala nola, Azkoitiko enpresetan euskara planak sustatzeko, euskara ikasteko, UEU eta EHUren ikastaroetara joateko, edota saltoki edo enpresetan euskaren presentzia indartzeko.
Enpresetan euskara planak sustatzeko laguntza eskatzeko azken eguna uztailaren 15a izango da. Udalak enpresa bakoitzari emango dion gehieneko laguntza 2000 eurokoa izango da, eta Eusko Jaurlaritzak xede berarekin emandako laguntzaren osagarri izango da.
Udaberriko Musikaldiaren barruan, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Juan Laboreria baritonoa eta Iñaki Salvador piano-jotzailea izango dira larunbat honetan, maiatzaren 16an, Santa Kutz komentuan. “Musicales con Huella” (“Aztarna uzten duten musikalak”) aurkeztuko dute. 18:30ean izango da. Ohi bezala, autobusa jarriko da joan-etorria egiteko. 18:00etan aterako da Julio Urkixo 7ko geralekutik.
Irrati saio bat hartuz ikuskizunaren hari gisa, interpreteek antzerki musikaleko pieza aukeratuak aurkeztuko dituzte, “testu literario eta poetikoak, artikuluak, kritikak, eszena txikiak eta burutazioak uztartuz… eta abestien zentzua areagotuz”. Helburua da “ikuslea testuinguruan murgiltzea, bere esperientzia aberastea eta proposatzen dugun hegaldi poetikoa partekatzera gonbidatzea”.
Iraurgi Berritzenek sustatuta, “Elkarrekin Eraikitzen” egitasmoaren amaiera ekitaldia izan da gaur Elkargunean, eta bertan, bailarako ikasleek ikasturtean zehar landutako proiektuak aurkeztu dituzte.
Ekitaldian izan da Ana Azkoitia alkatea, eta proiektua txalotu du dituen ezaugarriengatik. “Izugarri -esan du alkateak- gustatzen zait egitasmo hau arrazoi bategatik, batu egiten gaituelako. Batzen gaitu ikastetxeak, erakundeak, enpresak, elkarteak, eta gainera, bailarako errealitate sozioekonomikoa alderdi ezberdinetatik aztertzekoa aukera ematen du, ekintzailetza, turismoa, merkataritza, gizarte zerbitzuak… Zubiak eraikitzen laguntzen duten proiektuak dira benetan aberasgarriak, elkar ezagutzeko eta ulertzeko balio dutelako, eta elkarrengana hurbiltzea eta hartu-emanak sendotzea ahalbidetzen dutelako. Eta hori, inportantea da, gizarte hau guztiok osatzen dugulako, gazte, heldu edo nagusi”.
San Isidro egunean, maiatzaren 15ean, Madariagatik joan-etorria egiteko autobusa ipiniko du Udalak, aurreko urteetan egin ohi izan duen moduan. Goizeko 11:00etan izango da meza, eta beraz, bertaratu nahi dutenentzat autobusa 10:00etan eta 10:30ean aterako da Julio Urkixo kaleko geralekutik (Consum Eroski ondotik). Bueltako autobusa 13:00ean eta 13:30ean irtengo da Madariagatik.
Usadioari jarraituz, San Isidroren irudiarekin prozesioa egingo dute meza aurretik baseliza kanpoan, eta meza ondoren, hamaiketakoa eskainiko da.
