Ruanda
Ruanda[1] (ingeles, frantses eta kinyarwandaz Rwanda) Afrikako erdi-ekialdeko herrialde bat da, tamainan txikienetako bat. 26.338 km2 ditu. Biztanleria-dentsitatea, berriz, handienetako bat du, 2011n 11,4 milioi biztanle (ruandarrak) zituen, eta 2023an, 14'5 milioi.
Lurralde menditsua da, oro har, «Mila muinoen herrialdea» ere esaten diote. Ipar-mendebaldean daude tontor altuenak, 4000 metro inguruko sumendiak, Kongo eta Ugandako mugan. Lurralde baxuenak, berriz, ekialdean, lakuez tartekatuak, Tanzaniako mugan.
Hiriburua Kigali da, herrialdearen erdian kokatua.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Afrikako Aintzira Handietako eskualde zabalean dago Ruanda, Rift Aran Handiaren adar batean. Afrikako erdigune geografikoan, Indiako ozeanoa 1.270 bat kilometrora, eta Atlantikoa 2.000 bat kilometrora.
Mendebaldean Kivu aintzira du, eta Kongo ibairantz isurtzen dira iturburuak, Iparraldetik hegoaldera luzatzen den Kongo-Nilo gandorretik behera.
Ekialderantz, berriz, Nilo ibaiaren adarrek zeharkatzen dute herrialdea, mila muinoen artean, Victoria lakurantz.
Mugak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ruandak mugakide ditu Uganda iparraldean, Kongoko Errepublika Demokratikoa mendebaldean, Burundi hegoaldean eta Tanzania ekialdean.
Hiru natur-parke nazional ditu mugarri geografiko nabarmenak, garai bateko fauna basatiaren kontserbazio guneak, giza-populazioak eta baso-soiltzeak hedatu ahala.
Ipar-mendebaldean, Sumendien Parke Nazionala dago,mendiko gorilen aterpea; hego-mendebaldean, Nyungwe oihan tropikal menditsua; eta ipar-ekialdean, Akagera parkea, sabanako landaredi eta faunaz.
Orografia eta hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ruandako lurraldea garaia da. Itsasoa baino 1.500 m gorago dago. Nilo eta Kongo ibaietako uren banalerroa osatzen duten mendiek zeharkatzen dute Ruandako mendebaldea iparraldetik hegoaldera. Mendi horien mendebaldeko beheko aldean Ruandaren eta Zaireren arteko muga egiten dute Kivu aintzirak (2.699 km2) eta handik Tanganyika aintzirara doan Ruzizi ibaiak.
Mendietatik ekialdera dagoen lurraldea, mendebaldekoa baino askoz zabalagoa, 1.700-1.300 m bitarteko garaiera duen goi-lautada da, gainbehera leunean Ruandaren eta Tanzaniaren arteko muga egiten duen Kagera ibaiaren ibar zingiratsuraino doana. Kagerak, Tanzanian barrena, Victoria aintzirara isurtzen du ura, eta Nyabarongo, erdialdean, eta Akanyaru, hegoaldean, ditu ibaiadar nagusiak. Lurraldearen hego-ekialdea sakonune bat da, aintzira txiki asko dituena. Ipar-mendebaldean, Zairerekin muga egiten duela, sumendi garaiak daude (Karisimbi sumendia, 4.507 m).
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ruandak klima epela du, lurraldearen garaierak samurtzen baitu ekuatore aldeko beroa. Sasoika euritsua da. Urtean, batez beste, 19 °C eta 1.143 mm euri izaten dira lurraldearen erdialdean. Bi euri-sasoi eta bi sasoi lehor izaten dira urtean zehar: euria urritik abendura eta martxotik maiatzera, eta lehortea urtarriletik otsailera eta ekainetik irailera.
Landaredia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basoak lurraldearen % 10 hartzen du, mendebaldeko mendialdean gehiena. Sumendietan eta lur garaienetan banbua hazten da. Gainerakoa zuhaitzekiko edo belarrekiko sabana eta lursailak dira.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bertako etniak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendea arte ez da Ruandako historia idatzirik egon, eta datazioak oso ezberdinak dira iturrien arabera. Historiografia hedatuenak dio Ruandako lehen komunitateak twa etniakoak izan zirela, pigmeoak ere deituak, K.a. VII-VI. mendeen aldean. Gerora, K.o. VI. mendetik aurrera gaur egungo Kongo aldetik hutu nekazariak sartzen eta nagusitzen joan ziren lurraldean, eta twa komunitateen ehiza eta bilketa oihanak hartzen eta nekazaritzarako lantzen.
Harrezkero, Ruandako gehiengoa osatzen dute hutuek, biztanleen %85 bat. Twa etniakoak %1 baino ez dira, eta artisautzan dute oinarri ekonomikoa, gaur egun.
Geroago, VIII. edo X. mendeetatik aurrera –iturri batzuen arabera, are geroago– tutsi abeltzainak iparraldeko Nilo aldeko lurraldeetatik iritsiko ziren, beren abere taldeekin. Behien jabetzan oinarritzen zen haien egitura soziala. Azienden larreak hedatu zituzten, eta lur- eta abere-zaintzarako itunen bidez, ubuhake deituak, hutu nekazariei gailendu.
Kondaira zahar eta aski ezagun batek dio Gihanda, Ruandako lehen erregeak hiru seme zituela, Gatwa, Gahutu eta Gatutsi. Bere oinordekoa aukeratzeko asmoz, esne poto bana gauez zaintzeko agindu zien. Gatwak zanpa edan zuen; Gahutuk estropezu egin eta esne erdia isuri zitzaion; Gatutsi gau osoan esna egon zen esnea zaintzen. Erregeak Gatutsi izendatu zuen bere oinordeko, Gahutu Gatutsiren betiko morroi bihurtu, eta Gatwa erbestera bidali [2].
Talde horien izenak dira, zuzenago, Batwa, Bahutu eta Batsutsi, eta banako kide bakoitza, mutwa, muhutu eta mututsi.
Halere, badago beste historiografia bat, dioena hutu eta tutsi komunitateen mendeetako banaketa hura sozioekonomikoa zela gehiago, etnikoa baino. Lurralde bera, kinyarwanda hizkuntza eta kultur usadioak eta erlijio animista partekatzen zituztenez. Eta ohikoak zirenez talde ezberdinekoen arteko ezkontzak. Bertsio horrek dio malguak zirela taldeen arteko banalerroak, behien jabetzaren araberakoak-eta. Aro kolonialari egozten dizkio bai ezaugarri fisikoetan oinarritutako identitate etniko ezberdinduak, bai elkarren aurkako joerak.
Historiografiako bi ildo aurkari [3] horien sustatzaileak dira, ildo etnikoaren aldetik, besteak beste, René Lemarchand, Bernard Lugan edo Filip Reyntjens, eta ildo sozioekonomikoaren aldetik, Jean-Pierre Chrétien, André Guichoua edo Gérard Prunier.

Klanak eta erresumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mwami edo erregea buru zuen jaun feudal antzekoen sistema sozioekonomiko bat zen, mailakatua, XX. mende betera arte iraun zuena. Ahozko historia eta mitoak aberatsak dira Ruandan, eta gortearen inguruan mantendu ziren. Gihanga Ngomijana gogoratzen dute Ruandako erresumako lehen errege tutsi gisa, X. mende amaiera aldean, Alexis Kagame historialariaren arabera [4].
1700 aldean 8 erresuma zeuden, eta Banyiginya klan tutsiarena nagusitzen joan zen XVIII. mendean. Hiriburua Nyanza hirian zuen, eta botere gorena Kigeli Rwabugiri erregearekin lortu zuen, 1853 eta 1895 artean tronuan, inkotanyi bere gerlariekin.
Izaera magiko eta mitikoa zuten danbor dinastikoak, errege batetik bestera pasatzen zirenak. Danborra nolabait galtzea hondamendi seinale bat zen, Rwoga izenekoa galdu zenean bezala, XV. mende amaieran. Hurrengoa, eta momentuz azkena, Kalinga [5] [6].
Koroa ez zen oinordetza-lerro baten arabera pasatzen; errege bat hiltzean abiiru edo klanetako kontseilarien taldeak hautatzen zuen hurrengoa. Eragina zuen erregearen agintean ere, izaeraz absolutua zen arren.
Dena den, Ruandako iparraldean, batez ere, errege tutsiaren autoritatearen menpe ez zeuden klan hutuen erresumak ere bazeuden.
Europarren kolonia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Laburpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ruanda bere gune menditsuan bilduta zegoen, itsasotik urrun, eta merkatari arabiarren bideetatik aparte. Hortik esklaboen salerosketa masiboez libratu izana. XIX. mende erdialdean Nilo ibaiaren iturburuen bila zebiltzan britainiar esploratzaileak sartu ziren lurraldean. Eta mende amaieran lehen misiolariak, batez ere Aita Zuriak, frantziar eta belgikarrak.
Aurretik, 1885ean Afrikaren banaketari buruz Berlinen egin zen konferentzian, Ruanda Alemaniaren mende jarri zuten.
Lehen Mundu Gerraren ondoren, Nazioen Elkartearen aginduz, Ruanda, gaur egungo Burundiko erreinuarekin bat eginda, Belgikaren administraziopean geratu zen (Ruanda-Urundi). Nolanahi ere, koloniaren administrazioak ez zituen Ruandako gizarte-egiturak aldatu, eta administrazio kolonialista tutsi jauntxoez baliatu zen, biztanleak mendean edukitzeko. Gainera, lurraldearen kokapena eta pobrezia zirela eta, europar gutxi joan zen Ruandara bizitzera.
1950etik aurrera, Afrikako herrien burujabetasunaren aldeko mugimendua Ruandan barrena zabaldu zen. Gatazka larriak izan ziren. Hutuak, twa pigmeoen laguntzaz, belgikarren manupetik eta tutsien aginpidetik askatzeko matxinatu ziren. Kigeli V.a erregea eta beste ehun mila inguru tutsien auzo-herrialdeetara joan ziren babes bila. Milaka hil ziren. Bien bitartean, tutsien aurkako alderdi politikoak sortu ziren.
1960ko hauteskundeetan, Parmehutu edo hutuak askatzeko alderdia gailendu zen, alde handiz. Ondoren, erreferendum baten bidez, errepublika onartu zen. 1962ko uztailaren 1ean, Burundirekin bat egiteari uko egin ondoren, Belgikatik askatuta burujabetasuna erdietsi zuen Ruandak.
Alemaniaren kolonia (1885-1916)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1885ean, Berlingo konferentzian, Ruanda Alemaniaren mende jarri zuten. Lehen alemaniarrak beranduago iritsi ziren, haietako bat Gustav Adolf von Götzen kontea, 1894an. Erresuma egituratu bat aurkitu zuen, Kigeli Rwabugiri errege nagusi, eta Nyanza hiriburua.1898an, formalki, eta Ruanda-Urundi izenaren pean, gaur egungo Burundirekin batera, Ekialdeko Afrika Alemaniarraren parte deklaratua izan zen, Von Götzen gobernadore.
Rwabugiri erregeak Ruandako lurraldea iparraldetik Eduardo lakuraino hedatua zuen, eta mendebaldetik Kivu lakutik haratago. 1910an, Bruselasko Konferentzian ezarri ziren gaur egungo mugak. Beraz, Afrikako lurralde gehienetan ez bezala, Ruandaren kasuan muga lerroek bat egin zuten, oro har, komunitate tradizionalekin.
Alemaniar administrazio koloniala botere eta egitura zahar haietan sostengatu zen, baina gutxi iraun zuen, I. Mundu Gerra Europan piztu eta 1916an Belgikak hartu baitzuen, Leopoldo II. erregearen eskutik 1908an kolonia gisa jaso zuen Kongo aldetik sartuta.
Belgikaren kolonia eta tutela (1916-1962)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alemaniarrek kafea sartua zuten, merkaturatzeko asmoz, eta uburetwa bezalako lan behartuetan oinarritu zen; bi lan-egun doan astean [7]. Baina Ruandako ekonomia, oro har, biziraupenekoa zen, eta lehorte eta uholdeen ondorioz aldizkako goseteak izaten ziren, klanen ahozko memorian izen propioz gogoratuak. Hala nola, Ruyaga gosetea (1897), edo Kimwaramwara gosetea (1906). Eta kausa naturalei, I. Mundu Gerraren ondorioak gehitu zitzaizkien, 1916 eta 1918 urteen artean.
Belgikar aginte kolonialak goseteei aurre egiteko 1924an elikadura estrategia bat ezarri zuen, baina beste gosete larri bat egon zen II. Mundu Gerra garaian, 1942-44 urteetan.
Hasiera batean Musinga mwami edo errege tutsiaren alde egin zuen, iparraldeko klan hutuen lurraldeetara ere hedatu zedin haren boterea. Baina gero botere hori ahuldu nahi izan zuen, eta 1931n Musinga, maiz kolonoen eta misiolarien aurka agertua, abdikatzera behartu zuten, heziketa europar eta kristaua zuen Rudahigwa semearen alde, Mutara III., 1959 arte egongo zena tronuan.
Hezkuntza arloa misiolarien esku zegoen, eta tutsiek jasotzen zuten nagusiki. Hasieran, hutuek oinarrizko ikasketak, gehienez. Baina 1955erako bazeuden ehunka eskola eta milaka ikasle Ruandan zehar, lehen hezkuntzakoak gehienak. Eta irakasle gehienak ruandarrak izan ziren, denborarekin. Bigarren hezkuntzako lehen eskola Karitatearen Anaiek 1929an irekitako Groupe Scolaire d'Astrida (gero Butare hiria, gaur egun Huye) izan zen. 1945 eta 1957 artean ia mila ikasle izan zituen, %70 pasa tutsiak.
1931-1935ean errolda orokor bat egin zen, eta nortasun agiriak banatu ziren, non etnia zehazten zen, tutsi, hutu ala twa. 1994ko genozidioan ondorio larriak ekarriko zituena.
Independentziara bidean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1945ean Nazio Batuen Erakundea sortu eta haren fideikomisoko lurraldea bihurtu zen Ruanda, Belgikak kudeatua, deskolonizatzeko prozesu baten barruan. 1956an tokiko kontseiluen lehen hauteskundeak egin ziren, tokiko elite tutsien mende. Baina 1950etik aurrera, Afrikako herrien burujabetasunaren aldeko haizeak hedatzen ari ziren.
Elite tutsiak hasi ziren independentziarako deiak egiten, Ruandako Kontseilu Gorenetik, eta 1956an Rudahigwa erregearen beraren aldetik ere. Hau 1959ko uztailean hil zen, bertsio kontrajarriak dituen bat-bateko heriotza. Anaia batek jarraitu zion tronuan, Kigeli V. Ndahindurwa.
Hutu iraultza (1959-1962)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bitartean elite intelektual hutu bat ere osatzen hasi zen, administrazioa eta eliza katoliko belgikarra hauen alde egitera pasa ondoren [8]. 1957an MRD-Parmehutu (Parti du Mouvement de l'Emancipation Hutu) alderdia sortu zen, Grégoire Kayibanda buru, eta Hutu Manifestua [9] deitua aldarrikatu zen.
1959an UNAR (Union Nationale Rwandaise) eta RADER (Rallye démocratique rwandais) alderdi monarkikoak ere sortu ziren, tutsiak, nagusiki. Urte haren amaieran gatazka larriak egon ziren, ehunka hildakorekin. Iraultza hutua deituaren hasiera zen. Kigeli V. erregeak erbesteko bidea hartu zuen, eta tutsien lehen oldeek ihes egin zuten, Ugandara eta Burundira, batez ere.
1960an tokiko hauteskundeak egin ziren, eta Parmehutu atera zen garaile, botoen %70'4 eskuratuta. Boikota egin zien UNAR alderdiak iruzurra salatu zuen.
1961ko urtarrilean Gitaramako kolpea deitua jo zuten Parmehutu eta Aprosoma (Asociation Pour la Promotion Sociale de la Mase) alderdiek, eta errepublika ezarri, Dominique Mbonyumutwa presidente. Administrazio belgikarrak ontzat eman zuen, baina NBEk ez zuen onartu, eta hauteskunde parlamentario batzuk antolatu zituen, eta erreferendum bat, errepublika eta monarkiaren artean aukeratzeko. Iraileko hauteskunde haietan, Kayibandaren Parmehutuk botoen %77 lortu zituen (35 aulki), UNAR-ek %17 (7 aulki), eta Aprosomak %3'5 (2 aulki).
Erreferendumean, berriz, botoen ia %80 atera zen mwami edo erregearen instituzioa mantentzearen kontra.
Ruandako errepublika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Laburpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Parmehutu alderdiko burua, Grégoire Kayibanda Ruandako lehendakari bihurtu zen. Bere agintaldia hutuen aldeko politikek markatuta egon zen, eta tutsien kontrako neurriek eta bortizkeria aldiek milaka errefuxiatu eragin zituen, Burundi eta Ugandara, batez ere.
1973an Juvénal Habyarimana jeneralak lehendakaritza kendu zion estatu-kolpe baten bidez. Hasiera batean, Habyarimanak hutuen eta tutsien arteko liskarrak gainditu eta herriaren batasuna lortzearen alde egin zuen. 1978an konstituzio berri bat onartu zen, aginpidea zibilen eta alderdi politiko bakar baten eskuetan uzten zuena, MRND (Mouvement révolutionnaire national pour le développement). 1983 eta 1988 urteetako hauteskundeetan, lehendakari hautatu zuten Habyarimana, %99ko botoekin.
1984tik aurrera, urte askoko lehortearen ondorioak are nabarmenagoak izan ziren, janari-urritasun larria izan baitzen.
1982 eta 1983 urteetan Oboteren Ugandan jada 20 urtez erbestean zeuden tutsi ruandarren egoera okertu zen eta milaka saiatu ziren itzultzen. Gazteak Museveniren milizian sartu ziren, Obote boteretik kendu zuena. 1986an Ugandak herritartasuna ezagutu zien herrialde hartan 10 urtez baino gehiagoz bizi ziren ruandarrei.
1990eko urritik aurrera, Ruandako gobernuak aurre egin behar izan zien, iparraldean, gehienbat tutsiz osatua dagoen Fronte Patriotiko Ruandarra (FPR) gerrillariek Ugandatik egindako erasoei.
1991ko konstituzio berrian alderdi-aniztasuna onartu zen, eta 1992ko maiatzaz gero koalizio-gobernu batek hartu zuen aginpidea. Bien-bitartean, eta bake-itunak gorabehera, etnien arteko gatazkak bere horretan zirauen.
Kayibanda presidente (1962-1973)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1962ko uztailaren 1ean formalizatu zen Ruandako Errepublika independentea. Grégoire Kayibanda, presidente bihurtua zen 1961n, eta hala segitu zuen independentzia gauzatu eta gero, 1. Errepublika gisa ere ezagutzen dena, MDR-Parmehutu alderdiaren menpe.
Elkar elikatzen zuten gatazkez josita egon zen hamarkada. Alde batetik, hutuen aldeko kuota sistemak eta beste neurriek tutsien kontrako ekintzak eta hilketak eragin zituzten, eta errefuxiatu tutsien olde berriak egon ziren, 1963-64an eta 1973an[10].
Bitartean, aurretik ihes egindakoen gerlari tutsien -Inyenzi deituen- erasoak, Burundiko mugatik, batez ere[11]. Eta Burunditik iristen ziren, halaber, hango hutuen kontrako triskantzen albisteak, eta hutu errefuxiatuen oldeak. Larriena,1972an, 200.000 hildako eta iheslarirekin.
Beste aldetik, hutuen arteko lehia erregionalistak zeuden, iparraldeko eta hegoaldeko klanen artean, bereziki. Kayibanda hegoaldekoa zen, Gitarama aldekoa, eta hangoak nagusitu ziren botere postuetan [12]. 1973an, egoera kaotikoa zela-eta, armada burua zen Juvénal Habyarimana jeneralak, ipar-mendebaldekoa, lehendakaritza kendu zion estatu-kolpe baten bidez.
Habyarimana presidente (1973-1994)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2. Errepublika gisa ere ezagutzen den Habyarimanaren eta MRND alderdiaren agintearen lehen urteetan baketze etniko, egonkortasun sozial eta hobekuntza ekonomiko bat nabaritu zen. Baina 1984an, urte askoko lehortearen ondorioak are nabarmenagoak izan ziren, janari-urritasun larria izan baitzen. Eta 1988an ere gosete bat egon zen hegoaldean, ehunka hildakorekin. 1989an kafearen prezioa erori zen, libera ruandarra debaluatu, eta nazioarteko finantza-erakundeek Egiturazko Doikuntza-Plan bat onartu zuten [10].
Ipar eta hegoaldearen arteko lehia erregionalistek ere jarraitzen zuten, non nabarmendu zen presidentearen emaztearen klanaren sare oligarkikoa, Akazu deitua [10] [12] [11].
Eta atzerriko errefuxiatuen arazoa ere konpondu gabe zegoen.
Ruanda eta Burundi
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi lurralde mugakide hauek antzekotasun asko dituzte, eta bide historikoak ere paraleloak, aldeak alde, aro kolonialaren amaiera arte. Independentziaren garaitik bi bideak urrundu egin ziren, nahiz eta lurralde bateko eta besteko gertaerek asko eragin zioten elkarri. Burundin ez zen hutu iraultzarik egon, tutsi eta hutuen arteko bereizketa ez zegoen hain markatuta, bai ordea klan tutsi ezberdinen artekoa. Monarkia tutsiak jarraitu zuen, eta tutsien menpe bai botere politiko-ekonomikoak, bai armadak.
Ruandako hutu iraultzatik eta 1960ko hamarkadan zehar errefuxiatu tutsien lehen oldeak iritsi ziren Burundira. Eta Burundin klan ezberdinetako militar tutsien estatu kolpeak gertatu ahala, hutuen kontrako triskantzak ere egon ziren, intelektualen kontra, bereziki, eta milaka errefuxiatu hutuk ihes egin zuten Ruandara.
1972an egon zen Burundin hutuen kontrako errepresio aldi gogorra, ehunka mila hildako eta iheslarirekin. Eta Ruandan, 1973an, Kayibanda presidentearen azken urtean, izan zen tutsien kontrako erasoaldi berri bat, eta Habyarimana jeneralaren estatu kolpea.
Bagazaren 1976ko estatu kolpea eta gero, Burundin ere urte lasaiago batzuk egon ziren, Buyoya jeneralak 1987ko estatu kolpea jo arte. Armadak berriz jo zuen 1988an hutuen kontra, milaka hildakorekin, eta iheslari olde berri batekin, Ruandara, non hegoaldean lehorte eta gosetea zeuden.
1990ko hamarkada hasieran Buyoya presidentea hasi zen pausu batzuk ematen hutuek ere lekua izan zezaten Burundiko erakundeetan, eta armadan bertan. Ordurako hutuak mobilizatzen hasiak ziren, eta 1992an legeztatutako FRODEBU alderdi hutuak hauteskundeak irabazi zituen, 1993ko ekainean, eta Ndadaye hutua presidente bihurtu. Urrian, estatu kolpe batean, erail zuten. Eta berriz milaka hildako eta iheslari hutu egon ziren.
Bitartean, Ruandan oso egoera korapilatsu bat zegoen, 1990tik gerra egoeran, bake prozesu bat abian, baina denak su hartzeko zorian.
Ruanda eta Uganda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1979an, erbesteko gazte ruandar tutsiek RANU (Rwandaise Alliance for National Unity) alderdia sortu zuten, Ruandara itzultzea xede. Handik sortuko zen 1987an, Ugandan, FPR (Front Patriotique Rwandais) alderdia, eta bere adar armatua, APR (Armée Patriotique Rwandaise). Gazte haien artean zeuden Fred Rwigema eta Paul Kagame.
1980ko hamarkada hasieran Oboteren Ugandan erbesteratu tutsien kontrako kanpainak egon ziren, eta gazte tutsi haietako askok Museveniren NRA (National Resistance Army) gerrillan borrokatu zuten, haren kontra. 1986an Museveni presidente bihurtu eta Ugandako armadan sartu ziren. Rwigema, Defentsa ministro orde.
1989an Ruanda-Uganda ministerio-batzorde bat sortu zen, errefuxiatuen arazoa konpontzeko. Ez zuen konpondu.
1990eko urrian FPRk erasoaldi handi bati ekin zion Ugandako mugatik, eta ia Kigali hiribururaino iritsi zen. Erasoaldiko bigarren egunean Rwigema hil zuten, eta AEBetako akademia militar batean zegoen Kagame bihurtu zen FPRko buru. Ugandako muga aldera erretiratu eta gerrilla gerra bati ekin zion, Ruandako iparraldean.
1990-1994: gerra, alderdi-aniztasuna, eta Arushako akordioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Habyarimana presidenteak Mitterranden Frantziaren eta Mobuturen Zaireren laguntza militarrari esker lortu zuen lehen erasoaldi hari aurre egitea. Armada indartzeari ekin zion, arma erosketa handiekin [10]. Bitartean, nazioarteko presioen pean, pausuak eman behar izan zituen alderdi bakarreko erregimen batetik alderdi-aniztasunera.
1991ko konstituzio berrian alderdi-aniztasuna onartu zen, eta gobernuko MRND alderdiaz gain PSD sozial-demokrata edo PL liberala legeztatu ziren. MDR ere berrabiatu zen. 1992an, MRNDren barnetik CDR (Coallition pour la Défense de la République) erradikalagoa.

1992ko maiatzaz gero "oinarri zabaleko" koalizio-gobernu batek hartu zuen aginpidea: MRNDko 9 ministro; MDRko 3, haien artean Lehen Ministroa, Sylvestre Nsanzimana; PSDko eta PLko hiruna, eta PDCko bat [11]. Eta abuztuan elkarrizketak hasi ziren FPRrekin, Arushan.
Bien-bitartean, eta bake-elkarrizketak eta itunak gorabehera, bai gerrak bai errepresioak eta etnien eta alderdien arteko eta barruko gatazkek bere horretan zirauten. Orduan sortu ziren MRNDko Interahamwe ("elkarrekin ari direnak") bezalako autodefentsa milizia zibilak, alderdi ezberdinen gazte adarretatik: MDRko Inkuba, PSDko Abakombozi, edo CDRko Imhuzamugambi. [11]
1993ko otsailean FPRren beste erasoaldi bat egon zen eta ia Kigaliraino iritsi zen berriz. Ruandako iparraldetik ehunka mila desplazatu ere iheska iritsi ziren eta eremuetan pilatu, oso bizi baldintza txarretan. Abuztuan, urte bateko negoziaketen buruan, Arushako akordioa sinatu zuten FPR eta Ruandako gobernuak.
Puntu nagusiak ziren: trantsizioko gobernu bat osatzea (22 ministrorekin, 5 FPRkoak); armada berri bat eratzea (soldaduen %40 eta ofizialen %50 FPRkoak); komisio bat, errefuxiatuen itzulerarako; eta 1995ean parlamenturako hauteskundeak egitea.
Urrian, Nazio Batuek UNAMIR (United Nations Assistance Mission for Ruanda) misioa eratzea onartu zuen, bake prozesua zaintzeko. Baina arazo handiez eratu zen, eta modu motel eta mugatuan. Ez soilik bertako egoera gatazkatsuagatik, nazioartekoa ere arras nahasia zen; NBEk bazuten 12 misio jada, munduan zehar (Jugoslavia ohian, Somalian, Ekialde Hurbilean...)
Egitez, Ruandako egoerak lehertzeko zorian jarraitu zuen, Arushako akordioaren puntu nagusiak blokeatuta, alde guztietatik, "oinarri zabaleko" aurreko gobernua eten egoeran, eta gobernu berria ezartzera iritsi gabe.
Ruandako genozidioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Presidentearen kontrako atentatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1994ko apiriletik uztail arte, munduko historian gertatu den genozidiorik handienetako bat izan zen Ruandan: 100 egunean, 800.000-1.000.000 pertsona hil ziren, batik bat hutuek eraildako tutsiak eta hutu moderatuak.
Apirilaren 6an, Tanzaniako Dar es Salaam hiriko bake-elkarrizketa batzuetatik itzultzean, misil batek Ruandako eta Burundiko lehendakariak zihoazen hegazkina jo zuen, Kigalin lur hartzean. Hildakoen artean zeuden Habyarimana eta Ntaryamira presidenteak, hiru goi-kargu militar ruandar, bi ministro burundiar, eta tripulazioko hiru frantziarrak; bat, kopilotua, euskalduna [13].
Oso bertsio ezberdinak daude halako genozidio bati zuzenki lotutako magnizidio haren egileez, eta arrazoiez. Ildo batek Ruandako gobernu eta armadako elementuei egozten die, presidentearen ingurukoak ere, Arushako akordioarekin ez ados, eta botere posizioa gorde nahian. Beste ildo batek, FPRri, akordio haren ondorioz 600 soldaduko talde bat Kigalin zuena; eta arrazoia, Arushatik garaile atera arren, hauteskundeetan inolako aukerarik ez zuela.
Atentatu honen inguruan auzi batzuk egin dira Frantzian, besteak beste Bruguière edo Trévidic eta Poux epaileenak, 2006an eta 2012an, epai kontrajarriekin [14].
Gertaera haren segidan, eta hedabideek atentatua FPRri egotzita, hilketa ugari izan ziren berriz ere Ruandan. Biharamunean bertan, lehen ministroa, Agathe Uwilingiyimana, eta hura zaintzen ari ziren 10 kasko urdin belgikarrak. Eta hurrengo egunetan, PSD, MDR edo PL alderdietako beste ministro eta politiko batzuk.
Tutsien genozidioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hiru hilabetetan, paramilitar hutuek 800 mila lagun inguru hil zituzten, tutsiak eta hutu moderatuak gehienak, RTLM (Radio Télévision Libre des Mille Collines) irratiaren bitartez tutsien aurkako propaganda arrazista inolako neurririk gabe egin ondoren [10] [12].
Bertsio ezberdinak daude, halaber, genozidio haren antolamenduaz. Baina inork ez du zalantzan jartzen ezinbestekoa izan zela lurraldeko egitura politiko-administratibo askoren parte hartzea. Behin-behineko gobernu berritik hasita, armada eta indar polizietatik pasa, eta prefektura, hiri, muino eta auzoetaraino.
Apirilaren 8an eratu zen behin behineko gobernu bat, Théodore Sindikubwabo presidente. Hilaren 12an Gitaramara mugitu zen, FPRren tropak Kigalira hurbildu ahala.
Genozidioaren beste kontu eztabaidatua izan zen nazioartearen jarrera, bai erakundeena (NBErena, bereziki), bai herrialde inplikatuena, elizarena eta hedabideena ere, zuzenean ematen ari ziren izugarrikeria haren aurrean.
Gerra zibilak okerrera egiten zuela ikusirik, Frantziak, Estatu Batuek eta Belgikak soldaduak bidaltzea erabaki zuten segurtasuna ziurtatzeko eta atzerritarrei herrialdetik irteten laguntzeko. Hala ere, atzerritar gudariek ez zuten gerarazi genozidioa.
UNAMIR misioko tropak berehala hasi ziren Ruandatik erretiratzen, eta apirilaren 22an Segurtasun Kontseiluak onartu zuen 2.500etik 270ra gutxitzea. Nahiz eta maiatzaren 17an 5.500 bidaltzea onartu, hamaika oztopok atzeratu zuten hedapena.
Ekainaren 22an, Segurtasun Kontseiluak onartu zuen frantziar tropez osatutako Turkesa operazioa, Ruandako hego-mendebaldean uztail hasieran hedatua, FPR aurreratu ahala garaiko Zairerantz ihes egiten ari ziren ehunka-mila iheslariak babesteko. Haien artean, indar genozidak berak.
Genozidioko ekintzen artean, hutu milizianoek eta hutu armadako gudariek ia tutsi emakume guzti-guztiak eta moderatutzat hartzen ziren hutu emakume asko bortxatu zituzten, hutu emakumeek lagunduta.[15]

Azaroan NBEren Segurtasun Kontseiluak TPIR (Tribunal Pénal International pour le Rwanda) epaitegia eratu zuen, Arushan, 1994an zehar Ruandan egindako genozidio ekintzak, eta gizateriaren kontrakoak, epaitzeko. Oso ibilbide motel, mugatu eta eztabaidatua izan du.
2002an, Ruandako espetxeetan hamarka mila susmagarri pilatuta, oraindik, epaiketaren zain, Gacaca ("gattatta" ahoskatzen da) herri-epaitegiak hasi ziren, abagabo formula tradizionalean oinarrituak.
Ruandako jendartea erabat hautsita geratu zen: ehunka-milaka hildako, desplazatu, iheslari, preso, alargun, umezurtz... [12] [16], eta egitura guztiak deseginda.
Genozidioaz geroztik
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hutuen eta tutsien arteko gerra zibil hartan tutsiak nagusitu ziren 1994an, eta gobernuan dira geroztik, hutu moderatuekin koalizioa eginda, Paul Kagame lehendakari dutela, 2000. urtetik.
FPRk lurraldearen kontrola hartu ondoren, Kagamek "batasun nazionaleko" gobernu bat eratu zuen, Pasteur Bizimungu presidente eta Faustin Twagiramungu Lehen Ministro, biak hutuak. Kagame bera presidenteorde eta Defentsa ministro bihurtu zen, eta herrialdeko buruzagia, de facto.
1995eko abuztuan hautsi zen lehen gobernu hura, Twagiramungu Lehen Ministroak eta Seth Sendashonga Barne Ministroak dimititu zutenean, eta erbestera jo. Bizimungu ere Kagameren politikekiko kritiko agertu zen, eta 2000. urtean presidente kargutik kendu eta Kagamek berak hartu zuen presidentetza.
Bizimunguk PDR oposizioko alderdia sortu zuen, baina legez kanpo utzi zuten. 2002an Bizimungu atxilotu zuten, traizioagatik, 15 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina 2007an presidentearen indultu bati esker askatu zuten.
Ruandako Gobernua saiatu da ekonomia suspertzen eta Nazio Batuek genozidiotzat hartu zuenaren errudunen kontrako epaiketak antolatzen, baina gobernuak ez du lortu Mendebaldeko herrialdeetatik espero zuen laguntza. 1995 eta 1996 urteen bitartean, ia astero aurkitzen zituzten hilobi komunak, eta, bien bitartean, Ruandako armadaren eta miliziako kideen indarkeriak gizabanako gehiago hiltzen zituen.[17] Milizianoek hil zituztenen artean, asko 1994an gertatutakoaren lekuko ziren, eta beste asko funtzionario hutuak.
Bitartean, 1996 eta 1997 urteetan, Kongoko Lehen Gerra eta Bigarren Gerraren barruan triskantza handiak egon ziren Kongoko ekialdeko errefuxiatu ruandarren eremuetan. Ehunka mila itzuli ziren Ruandara, beste milaka Kongon zehar ihesean abiatu ziren bitartean. FDLR (Forces démocratiques de libération du Rwanda) milizia hutuak mendira jo ere bai, gaur egun oraindik arian, Kivuko gatazka luze eta latzaren parte.
1998an, genozidioaren erantzuletzat hartzen ziren 22 lagun exekutatu zituzten, 1994an sarraski latzenak izan ziren lekuetan. Amnesty International erakundeak parodiatzat jo zituen exekuzio haiek, eta bake-itxaropen guztiak bertan behera uzten zituztela adierazi zuen, gainera. 2014ko irailaren 29an, Edouard Karemera Barne ministro ohia, Callixte Nzabonimana Gazteria ministro ohia, Ildéphonse Nizeyimana kapitain eta zerbitzu sekretuetako bigarrena izandakoa, eta Matthieu Ngirumpatse Garapenerako eta MRND, Demokraziarako Mugimendu Errepublikano Nazionala alderdiko presidente ohia zigortu zituen TPIR Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegiak genozidioagatik[18]. Irailaren 30ean, Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegiak hil arteko espetxe zigorra berretsi zien 1994an tutsien aurkako genozidioan parte hartzea egotzitako lau akusaturi[19].
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ruanda munduko estatu behartsuenetako bat da. Lurraldearen baliabide urriak, biztanleen ugaltze bizkorrak eta, batez ere, etnien arteko gatazkek, ekonomiaren hazkundea eragozten dute. Kanpoko herrialdeen laguntza, bai ekonomian bai beste alor batzuetan, funtsezkoa du Ruandak. Biztanle gehienak nekazaritzatik eta abere-hazkuntzatik bizi dira. Lantzen diren gai nagusiak kafea, tea, tabakoa, babarrunak, basartoa eta batata dira; kafea eta tea esportatzeko lantzen dira. Abere-hazkuntza gehiegi hazten ari da, eta gobernua saiatzen ari da abere-hazkuntza eta elikadura-metodo modernoak sartzen.
Ruandan meak dira bigarren diru-iturri nagusia; kasiterita, berilioa eta urrea ustiatzen dira, batez ere.
Garraiobideak urriak eta aurreratu gabeak ditu Ruandak. Ez dago burdinbiderik, eta errepide gehienak asfaltoz estali gabe daude.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ruanda bost probintziatan (intara) eta hauek 30 barrutitan (akarere) banatzen dira. Hauek dira probintziak:
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Afrikako lurralderik txikienetako eta jendeztatuenetako bat da Ruanda. Hiru etniek osatzen dute Ruandako biztanleria: hutuek (ruandarren % 85), tutsiek (% 14) eta twek (% 1). Hutuak nekazariak dira, eta biztanleriaren gehiengoa osatzen dute. Tutsiak abeltzainak dira, eta ahaltsuenak izan ziren garai batean. Twa pigmeoak oso gutxi dira, eta ehiztariak, arrantzaleak eta ontzigileak dira ogibidez. Biztanleen % 7 baino ez da hirietan bizi.
Erlijioan, ruandarren erdiak baino pixka bat gehiago katolikoak dira:
| Erlijioak Ruandan | ||||
|---|---|---|---|---|
| Erlijioa | Ehunekoa | |||
| Katolikoa | % 56,5 | |||
| Protestantea | % 37,1 | |||
| Islama | % 4,6 | |||
| Erlijiorik ez | % 1,7 | |||
| Erlijio indigenak | % 0,1 | |||
| Iturria: Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Idazkaritza[20] | ||||

Hizkuntzei dagokienez, kinyaruanda, frantses eta ingeles ofizialez gainera, swahilia ere erabiltzen da, lingua franca gisa.
Ruandako osasunaren eta azpiegituren egoera oso txarra eta urria da. Osasun-arazo nagusiak haurdunaldi- eta erditze-arazoak, HIESa, malaria eta beste eritasun kutsakor batzuk, eta elikadura-urritasunetik eratorritako eritasunak dira. Bizi-itxaropena 36 urtekoa zen 1996an.
1994an, hutu eta tutsien artean izan ziren borroken ondorioz, 2 milioi lagunek baino gehiagok Ruanda utzi eta Burundi, Tanzania, Uganda eta Kongoko Errepublika Demokratikora ihes egin zuten; Nazio Batuetako Iheslarien Goi Batzordeak erabakitakoari jarraituz, 1996an eta 1997aren hasieran milioi batetik gora hutu itzuli ziren Ruandara. 1997an ehun mila ruandar baino gutxiago gelditzen ziren Ruandatik kanpo.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kirola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ruandako Tourra[21] herrialdeko txirrindularitza lasterketa garrantzitsuena da. 2005etik 2008ra ez zen lasterketa profesionala izan. 2009. urtean maila profesionalara igo zen. Ekitaldi horretan, marokoko txirrrindulariek gailendu ziren. Hurrengo ekitaldian, eritreakoak eta hirugarren ekitaldi profesionalean Estatu Batuetako txirrindulariak izan ziren nagusi. Honek, lasterketaren bilakaeraren irudi da. Lehenengo 7 ekitaldi profesionaletan, podiumeko lehenengo bi txirrindulariak herrialde berekoak izan ziren. 2019. urtean, maila igo zuen.
Ruanda, 1984. urtetik Joko Olinpikoetan izan da baina ez du dominarik rabazi oraindik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. (kontsulta data: 2010-12-29).
- ↑ «Documents Grans Llacs, Aproximació histórica de Rwanda Burundi.» www.solidaritat.ub.edu (kontsulta data: 2025-12-31).
- ↑ Kabunda, Mbuyi. (2009). Mitos y realidades del África subsahariana. Los libros de la catarata, 18-32 or. ISBN 978-84-8319-458-4..
- ↑ (Ingelesez) «Gihanga Ngomijana: The Founder of the Rwandan Kingdom» Google Arts & Culture (kontsulta data: 2025-12-31).
- ↑ (Ingelesez) User, Super. «Monarchical Tradition - H.M. Yuhi VI» royalhouseofrwanda.org (kontsulta data: 2025-12-31).
- ↑ (Ingelesez) «The Drums of Rwanda» My Virtual World Trip 2024-05-21 (kontsulta data: 2025-12-31).
- ↑ «LA DIFFERENCE ENTRE UBUHAKE ET UBURETWA» jkanya.free.fr (kontsulta data: 2026-01-04).
- ↑ Lugan, Bernard. (2004). Le génocide, l'Eglise et la démocratie. Éditions du Rocher, 57-91 or. ISBN 2-268-05-060-2..
- ↑ Maury, Jean-Pierre. «Manifeste des Bahutu,1957, Digithèque MJP» mjp.univ-perp.fr (kontsulta data: 2026-01-04).
- 1 2 3 4 5 Melvern, Linda. (2007). Un pueblo traicionado. Intermón Oxfam, 44-46, 70-73, 97-106 or. ISBN 978-84-8452-489-2..
- 1 2 3 4 Gasana, James. (2001). Rwanda: del Partido-Estado al Estado-Cuartel. IEPALA, 42-43, 58-64, 123-124 or. ISSN 1131-5741..
- 1 2 3 4 Sibomana, André. (1999). Mantengamos la esperanza en Ruanda. Mundo Negro, 53, 62-63, 77-78, 203-215 or. ISBN 84-7295-156-1..
- ↑ Elorriaga, Unai. (2014). Iazko hezurrak. Susa ISBN 978-84-92468-65-2..
- ↑ (Frantsesez) «Attentat contre Habyarimana au Rwanda: un témoin embarrassant pour le clan Kagame» Le Point.fr (kontsulta data: 2026-01-14).
- ↑ de Brouwer, Anne-Marie (2005). Supranational Criminal Prosecution of Sexual Violence. Intersentia. 13. orrialdea. ISBN 90-5095-533-9.
- ↑ Otaegi, Iokin. (2008). Rwanda bihotz-minez. Hiria ISBN 978-84-9797-287-1..
- ↑ Zaldua, Iban. (2004). «Ruanda eta gu» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2022-03-14).
- ↑ «Ruandako genozidioagatik bizi osorako lau espetxe zigor ezarri dituzte», Berria, 2014-09-29
- ↑ «Ruandako genozidioaren lau akusaturi hil arteko espetxe zigorra berretsi diete», Berria, 2014-09-30
- ↑ U.S. Department of State
- ↑ (Ingelesez) Archives, Cycling. «Tour de Rwanda» www.sitiodeciclismo.net (kontsulta data: 2022-03-13).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Ruandako Gobernuaren webgunea
- (Ingelesez) Kigali Genocide Memorial Centre
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
- «Ruanda eta Palestinako giza ekintzako hiru proiektutan parte hartuko du udalak» Irutxuloko Hitza 2018-06-28 (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
